Hirugarren final-laurdena, gaur: Espainia-Frantzia

Egilea:

Data: 2012/06/23

Donetsken jokatuko dute (20:45, Tele 5).

  • Zuri-beltzeko final-laurdenak joan dira, faborito argiak zituzten biak, eta koloretakoen txanda da gaur eta bihar. Gorria eta urdina, gaur: Espainia eta Frantzia, aurrez aurre.
  • Txapelketaren atarian, bi hauetaz hitz egitean, asko espero zen, baina den-dena erakutsi ez duten ustea dago. Batez ere, frantziarrei dagokionez. Espainiarrek erakutsi dute, noizbehinka izan bada ere, zertarako gai diren.
  • Hortaz, gaur bi taldeek zer itxura emango duten ez dago argi: biek onena; batek onena eta besteak txarretik; edo biek orain artekotik.
  • Jokatzeko ereduan, zalantza gutxi espainiarrekin. Betikoa: baloia zelaiaren gainera, ukitu eta ukitu jokalariek (askotan gehiegi), baloia galdutakoan presioa… Frantziarrek zer egingo duten ez dago argi. Aurrera jarraitu nahi badute, ezinbestekoa izango dute Espainia geratzea, defentsako lan sendoa egitea. Atzean sar daitezke, edo aurrerago atera. Erasoan, defentsako lanak emango dio zerbait egiteko aukera, eta zerbait horren oinarrian kontraerasoa egongo da. Ez du ematen ekimena hartuta ibiliko direnik, hori egin beste aukerarik ez dutenean izan ezik.
  • Espainiako erdilari atzeratuak (Busquets eta Xabi Alonso) eta Benzema. Frantzia defentsan ari denean, Benzema ez da jarriko Espainiako bi erdiko atzelarien tartean (baloiak gainditu dueneanm esan nahi dugu). Hegaletara joango da, barrukoei zuloak sortzeko, edota behera jaitsiko da, bi euskarrien eta erdiko atzelarien artera. Ondo lotu beharko ditu mugimendu horiek egungo txapeldunak.
  • Espainiaren erasotzeko modua. Zelaia ixten badu zabaldu beharrean (Iniesta eta Silva barrutik jokatzen ari dira gehienean), bizitasun gutxi emango dio jokoari. Erraztasunak Frantziarentzat. Denak barruan pilatuko dira espainiarrak egoera horretan, batere orekarik gabe, eta Frantziak baloia lapurtzen duenean, aukera hobeak izango ditu gora ateratzeko, betiere hegalak baliatzen baditu (erdian jokalari gehiegi egongo da, gauza onerako).
  • Partida lotuaren itxura dauka, baina auskalo, gero. Lotua bada, akats gutxien egiten dituenak gauza asko alde. Lotua bada, pazientzia gehien duenak asko izango du irabazteko. Lehia psikologikoa, azken batean. Buruaren lana.