Sindrome kezkagarria

Egilea:

Data: 2012/06/13

EUROKOPA 2012

Portugalek irabazi egin dio Danimarkari (3-2), B multzoko bigarren jardunaldian.

  • Portugalek ez dio agur esan Eurokopari txiripaz. Ia kanpoan egotetik hiru puntu batzera igaro da. Futbolaren kontuak. Orain, Danimarkak hainbeste puntu dauzka. Eta aurrera jarraitzeko aukerekin jokatuko du azken jardunaldia, Herbehereen aurka. Baita Danimarkak ere, Alemania aurkari.
  • Makala izan da partida. Erritmo apalekoa. Portugalek, behar gorria eduki arren, atzera samar defenditu du lehen zatian, nahiz eta saiatu den batzuetan Andersen atezainari luze jotzera behartzen. Kontraerasoan bizi da eroso Portugal, baina defentsako lanean ez da batere fidagarria. Bi hegaletan zulo handiak uzten dituzte Cristianok eta Nanik, eta erdikoek joan behar izaten dute hegaletara; ondorioz, beste hegalean zuloa egoten da. Danimarkak ondo baliatu du hori, abiadura makalean izan bada ere.
  • Lehen zatian, hiru gauza gertatu dira, oso garrantzitsuak. Portugalen bi golak, eta Zimlingen lesioa Danimarkan. Ezer gutxi eginda, sari potoloa eskuratu du Portugalek. Pepek korner batean buruz (24. minutuan), eta Postigak jaurtiketa zehatzez (36. minutuan) sartu dituzte. Zimling golen aurretik lesionatu da (16. minutuan). Antzeman du taldeak orekatzailearen hutsunea, eta baloia oinetan erabiltzen ere baldar antzean ibili dira bera gabe.
  • Laugarren gauza garrantzitsua izango zen Bendtnerren gola (41. minutuan), buruz jokaldi ederra amaituz. Baina bukaerako emaitzan eraginik ez duenez izan, datuetan geratuko da.
  • Bigarren zatian, Portugalek aurreraxeago botu du atzeko lerroa, eta Danimarka behartu egin du metro gutxian jokatzera. Horrek zehaztasun handia eskatzen du, teknikaren alorrean bikain moldatzea, eta kostatu egin zaie daniarrei. Hala ere, mugimendu onak egin dituzte (zelai-erdiko hegaletakoak barruan aritu dira, hegaletako atzelariei zuloa utziz goian). Ondorioz, jokalari gehiago pilatu dituzte zelai-erdian, eta barrutik kanpora zabalduz ondo iritsi dira gora. Lagundu die horretan Cristianoren lanerako gogo txikiak; bere hegala autobide debaldekoa izan da Jakobsen eskuin hegalekoarentzat.
  • Berdintzea lortu du Danimarkak (berriz ere Bendtnerrek). Hamar minutu geratzen ziren lehia amaitzeko. Eta orduan, miraria: Portugal baloiaren jabe egiten hasi da, eta erasokorrago jokatzen. Daniarrek arriskuak hartzen segitu izanak ere lagundu die. Valerak sartu du gola (87. minutuan). Hiru puntu gozo.
  • Hausnarketarako tartea, galdera honen jiran: ez al ditu Portugalek jokalari egokiak kontraerasoaz gain beste baliabide batzuk ere erabiltzeko? Hain beldurti ez jokatzeko, garbi esanda. Herrialde horretan sindrome kezkagarria dabil azken urteetan, defentsako lanean oinarritzen dena.