Gaurko partidak: Frantzia-Ingalaterra, eta Ukraina-Suedia

Egilea:

Data: 2012/06/11

EUROKOPA 2012

D multzoko bi neurketa hauekin amaituko da multzoen faseko lehen jardunaldia.

D multzoa hasiko da lehian gaur, Poloniako eta Ukrainako Eurokopan. Hauek dira bi partidak:

  • Frantzia-Ingalaterra (18:00, Donetsk, Cuatro)
  • Ukraina-Suedia (20:45, Kiev, Tele 5)

Frantzia-Ingalaterra

  • Bi historiko. Bi egoera. Frantzia bide sendoan dabil, Laurent Blanc gidari duela, denbora luzeko beharra emaitza ona ematetik gertu. Ingalaterra oraintxe sartu da Roy Hodgsonen trenbidean. Bidaia hasi baino ez du egin. Landuagoa dago oilarra larrosaren aldean. Horregatik, faboritoa Frantzia.
  • Taldea eta jokalariak. Egituraren barruan, talentua. Horretan ere Frantzia indartsuago: Benzema, Ribery, Lloris, Ben Arfa… Ingalaterran Rooney ez da ariko (zigorra bete behar du gaur eta hurrengo partidan), eta izar nagusia harmailetan dela, Gerard aipatu behar, Terryrekin batera.
  • Partidari buruz orain pentsatzen jarrita, nondik nora joan daitekeenaren gainean hausnartuz, gogoeta hau: Ingalaterrak Frantziari utziko dio ekimena, “to, hartu baloia eta hasi jokatzen”, lapurtu eta kontraerasoan aritzeko. Hala bada, erronka du Frantziak: aurkariaren sarea hausteko gai ote den edo ez erakutsi beharko du. Talde adinez nagusia den edo oraindik gaztetxoa, egin gabea.
  • Ingalaterrak zer bide hartuko du erasoan? Atzetik joko ez zuzena erabiliko du, ala atezainak zuzen botako du gora? Joko ez zuzena egiten badu, Frantziak gora joko du presioa egitera, ala atzerago jarriko da, lapurtzen duenean kontraerasoa baliatzeko? Erasorako bi baliabide on dauzka Ingalaterrak: hegaleko bi atzelariak (Cole eta Johnson), baina horretarako, baloia erabili behar.
  • Zelai-erdiko borroka: indar gehiago du Frantziak, presioa egiteko, bigarren baloiak hartzeko, goiko baloiak jotzeko… itxuraz, lan txarrak Gerard eta besteentzat zelaiko esparru horretan.
  • Hemen gaineko guztiak irakurrita, badirudi Ingalaterrak ez duela aukera handirik puntu alerik batzeko. Hala ematen du aldez aurretik begiratuta, baina futbola, futbola da. Ezusteak ere azalduko nahiko du.

Ukraina-Suedia

  • Galderaren ikurra jartzeko partida. Zehaztasunik gabea aldez aurretik begiratuta. Nondik harrapatu zaila ematen duen horietakoa.
  • Nonbaitetik hastearren, korapiloa askatzen joateko, Suediaren eredu berria izan daiteke erantzunaren giltza. Ez da lehen bezain zurruna eta zuhurra. Alaiagoa da, nolabait esateko. Alaiaren alboan erasokorra jartzea ez da aukera txarra. Erasokorrari arriskutsua gehitzea ere ez, baldin eta egundoko talentua edukitzen ez bada. Suedian, talentua, tamainan.
  • Hala jokatuz gero, Ukrainarentzat pare-parekoa da apustu hori. Kontraerasoa duelako baliabide zitalena. Hortaz, dabilela tentuz Suedia erasora jotzean, ez ditzala atzealdean zulo asko utzi (adibidez: hegaleko bi atzelariak batera igotzeagatik; zelai-erdian oreka hausteagatik…).
  • Ukrainarentzat arriskuak: izen bat ororen gainetik. Zlatan Ibrahimovic. Suedia asko gerturatzen bada ukrainarren areara, aurrelari zital askoa edozer egiteko gauza da. Gutxi behar du gola sartzeko. Komeni zaio Oleg Blokine mitikoaren taldeari bere areatik ahalik eta urrunen defendatzea, aurrelari handiaren arriskua gutxitzeko.
  • Ezezagunari, kasu honetan bi taldeen jokoari, berdintasuna jartzeko tentazioa handia izaten da. Partida txarra, segituan. Jokatu aurretik, lotua. Auskalo! Agian, irekia aterako da, eta bizi ariko dira bi taldeak, gola helburu nagusitzat hartuta. Bart gauekoak ere estua behar zuen, baina tokitan geratu ziren iragarpenak.