Oporretan al zeuden, 1992an bezala?
EUROKOPA 2012
Danimarkak ezuste potoloa eman du, Herbehereei irabaziz (1-0), B multzoko lehen partidan.
- Duela 20 urte, Suedian jokatu zen Eurokopa, eta Danimarkak irabazi zuen. Baina Danimarka ez zegoen sailkatuta orduan zortzi taldek jokatzen zuten txapelketera. Gonbidatu egin zuten, Yugoslavia ohian gerra piztu, eta bertako selekzioa ez zelako joan.
- Oporretan zeuden daniarrak: Brian Laudrup, Schmeichel, Hendrik Larsen… Moller-Nielsen entrenatzaileak azkar batean elkartu zituen denak, eta txapelketa irabazi zuten.
- Harrezkero, ezer gutxi sonatua egin du Danimarkak. Gaur arte. Herbehereak menderatu du B multzoko lehenengo partidan, eta burua 20 urte atzera joan zaigu askori. Ordukoa ezuste galanta; gaurkoa, potoloa. Ezberdintasun hau ere kontuan hartzekoa: oraingoan ez dira oporretan egon. Sailkatuta zeuden, eta serio-demonio entrenatu dira.
- Herbehereak faborito argia zenez, orain bere hutsak nabarmentzeko tentazioa ematen du. Baina ez. Nabarmendu behar dena Danimarkaren partida da. Bere dohainei ez dago etekin handiagoa ateratzerik.
- Ondo lotu du aurkariaren erasoa, gutxi asko. Besteak hain onak izanik, normala da aukerak jasatea. Horraino, normaltasuna. Atzeko lana ondo egiteko, bi zutabe izan ditu: presioa goian, eta lerroak atzeratzea.
- Presioa: Van Boomel eta De Jong bakarrik ere estutzen dira, ez baitira abilak baloia ateratzen, baina Danimarkak behartu egin ditu bizkarrez jokatzera, paseak atzera ematera. Oso deseroso arituarazi dituzte. Stekelenburg atezainari ere luze jotzera behartu diote askotan.
- Lerroak atzeratu dituenean, taldeko lan ona egin dute daniarrek. Erdiko gunea sendo aritu da: erdiko bi atzelariak (Kjaer eta Agger), eta zelai-erdiko euskarriak edo erdikoak (Kvist eta Zimling). Gainera, erdilari hegalekoek (Krohn-Dehli eta Romedhal) laguntza onak eman dizkiete hegaleko atzelariei.
- Erasoan ere berea egin du Morten Olsenen taldeak. Batez ere hau egin du dotore: erraz jokatu, beti aukera onena gauzatuz. Betiere, baloiaren jabetzan oinarrituz.
- Eraginkortasuna ere izan du: oso aukera gutxi sortu, eta gola sartu (Krohn-Dehlik, 23. minutuan).
- Eta Herbehereei buruz zer? Ezer gutxi. Itxaropena zapuztu du. Zelaiaren erdian, erdiko esparruan, jokoa sortzeko jokalaririk ez, eta erdiko bi atzelariak ere baldar samarrak arlo horretan. Goialdeko mugimenduak eta kalitate teknikoa bakarrik erabili du aukerak egiteko. Asko duelako: Robben, Van Persie, Afellay, Sneijder, Van der Vaart eta Huntelaar gero… Baina gaur ez zaio nahikoa izan. Eta eman duen itxura da gehiago beharko duela txapelketatik azkar ez joateko.
- Beste gabezia: taldeko izarrak ez dira defendatzera jaisten, eta aurkariak, gauzak taxuz eginda eta izugarrikeriarik gabe, min eman dio.
- Galdera, bukatzeko: Herbereheetan ez al dago joko landua egiteko egokia den euskarri bat bera ere?