Logikaren kolpe hotza

Egilea:

Data: 2012/06/09

EUROKOPA 2012

Errusiak ondo irabazi dio Txekiar Errepublikari (4-1), A multzoko bigarren partidan.

  • Jo, eutsi eta berriz ere jo. Horra Errusiaren bidea gaur gaueko partidan. Aurreratu egin zaio Txekiar Errepublikari, aurkariaren oldarraldi indargea ondo menderatu du gero, eta azkenean, txikitu egin du. Zenbakitan jarriz: 2-0, 2-1 eta 4-1.
  • Aldez aurreko iragarpenak bete dituzte errusiarrek. A multzoko indartsuena behar duena alde batean, ahulenaren traza daukana bestean. Logikak kolpe hotza bezain zehatza marraztu du gaur gauean.
  • Errusiak jokalari on asko dauzka. Ez da Andrei Arxavin bakarrik ona. Dzagoev, Kerzhakov, Zyryanov, Zhirkov… Kontuan hartzeko moduko taldea da. Eta aulkian Pavlyuchenko badago, zelaira atera eta emaitza doia nabarmentzen du.
  • Futbolean mila bider gertatua eta beste mila bider gertatuko dena: baloiaren jabetzak bakarrik ez du gola ziurtatzen. Beste gauza asko gehitu behar zaizkio jabetzari. Bigarren zatian, txekiarrek eduki dute baloia, baina eraginkortasuna, auzoan. Errusiak kontraerasoan txikizioa egin diote, bien bitartean.
  • Pusketa handia dago bi taldeen artean egun. Eta zelaian azaldu da aldea. Gaur, logikaren jabe egin da futbola, edo hobeto, logikak futbola bahitu du. Ez du inor harritu emaitzak, ez eta hiru goleko aldeak ere.