Simetrikoa
EUROKOPA 2012
Poloniak eta Greziak berdindu egin dute txapelketako lehenengo partidan (1-1).
- Bi zati. Bi talde. Zati batean, talde bat txukun, bestea eskas. Beste zatian, eskasa txukun, eta txukuna eskas. Lehen zatian, Polonia ondo, Grezia desagertuta. Bigarren zatian, Grezia ondo, Polonia galduta. Berdindu egin dute horretan, eta berdindu egin dute emaitzan: 1-1. Simetria.
- Lehen zatia ere bana daiteke puskatan. Lewandowskik gola sartu aurrekoa (17. minutuan), eta ondorengoa. Polonia erraz aritu da, eskuin hegala baliatuz: Blaszczykowski eta Piszczek. Hortik etorri da gola, erdiraketa eta burukada neurtua. Tarte horretan, beste golen bat ere sartzeko moduan izan da etxeko taldea. Grezia, bitartean, zelai-erditik igaro ezinda, eta atzealdeko jokalariak negargarri baloia urruntzen; eta baloia ateratzea, miraria!
- Polonia izutu egin da aldeko golarekin. Konformatu. Ase. Bete. Atzera sartu da, kontraerasoa baliatu nahian. Garesti ordaindu du gero.
- Nekez iritsiko dira urruti bi selekzio hauek, eta txapelketan bide motza izango duen bestea epailea da. Velasco Carballok hiru huts handi egin ditu lehen zatian: Papasthapoulosi bi txartel hori atera dizkio, merezi gabeak, eta kalera bota du. Handik gutxira, penalti argia ez du adierazi greziarren alde. Sutan Grezia! Lasai Polonia! Lasaiegi: aurkaria eskas, jokalari bat gutxiagorekin, eta markagailuan irabazten.
- Halakoetan, bi gauza gertatzen dira: aurretik denak txikitu egiten du azpikoa, edo azpikoak gaina hartzen dio besteari, gainekoak gauzak oso gaizki egin dituelako. Bigarren aukera gauzatu du bigarren zatian.
- Hasi eta berehala, Salpingidisek gola sartu du (51. minutuan). Poloniarrak berez direna baino zuriago. Handik gutxira, izua: penaltia Greziaren alde, eta Szczesny atezainari txartel gorria. Karagunisek, ordea, kale, edo Tyton atezainak asmatu.
- Jokaldi horrek zeharo beldurtu du Polonia. Irabazita zeukana ia galdutzat ikusi du. Ondorioa: zertarako arriskatu! Daukanari heldu. Puntua. Balioko duen edo ez, auskalo. Ziurra hau da: gehiago arriskatu izan balute etxekoek (goian presioa, baloiari bizitasuna eman, hegalak baliatzen segi, aurrelariren bat gehitu Lewandowski bakartiari…), puntu aleari bi gehituta egongo zen orain.