Lehen bi partidak, gaur: Polonia-Grezia, eta Errusia-Txekiar Errepublika
EUROKOPA 2012
A multzokoek emango diote hasiera Poloniako eta Ukrainako txapelketari.
Gaur hasiko da Poloniako eta Ukrainako Eurokopa. Hauek dira eguneko bi partidak, biak A multzokoak:
- Polonia-Grezia (18:00, Varsovia, Tele 5)
- Errusia-Txekiar Errepublika (20:45, Wroclaw, Cuatro)
Polonia-Grezia
- Historiak praka motzak, elastikoak eta galtzerdiak jantziko balitu gaur arratsaldean, Polonia garaile. 15 aldiz jokatu dute elkarren aurka bi selekzioek, eta 10 bider etxekoak garaile. 3 aldiz bakarrik irabazi dio Greziak. Baina historia ez da futbolaria.
- Zelaian jokatzen da futbolean, eta lehen partida beti izaten da zaila jokalarientzat. Gehienetan, neurketa astunak izaten dira. Buruak lan handia egiten du jokalariengan.
- Astunari zama handiagoa jar diezaioke bi taldeen defentsako lanak. Poloniari ez diote golik sartu azken 5 partidetan (denak ez ofizialak), eta Greziari 5 bakarrik egin dizkiote azkeneko 10etan. Bide horretan segiten badute gaur…
- Buruari kuku eginez berriz, esperientziak asko balio du horrelako txapelketetan. Horretan, alde handia du Greziak.
- Golik ezari gola. Lehorteari euria. Horretarako daude golegileak. Eta gaur, arreta bereganatuko du etxeko Robert Lewandowskik. Bustitzen hasiko al da lehen egunetik? Jokalari funtsezkoa da Poloniarentzat.
- Txapelketa handi hauetan lortzen da bestela erakargarriak ez liratekeen partidei begira egotea zaleak. Poloniaren eta Greziaren artekoa Eurokopatik ateraz gero, arreta gutxi bereganatuko luke, ziurrenik. Baina Eurokopa da, eta denak daude irrikaz partida ikusteko. Nolako taldea ote da Polonia? Zer eredu erabiltzen du? Eta Greziaren eraldaketa zertan gauzatzen da? Esaten duten bezain erasokorra bilakatu ote da? Badu xarma gaurko partidak ere.

Errusia-Txekiar Errepublika
- Historiarekin hasiera berriz ere. Eurokopa guztietan, behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka (URSS eta Txekoslovakia zireneko garaiak aparte utzita). 1996an izan zen, Liverpoolen (Ingalaterra). Gol festa egon zen (3-3).
- Ordukoak ez du gaurkorako balio, baina aldez aurretik aztertuta, izan daiteke gol dezenteko neurketa. Badu itxura.
- Azkeneko partidei erreparatzen bazaie, Errusia indartsu dator: zortzi partida ofizialetan, ez du alerik galdu: sei irabazi eta bi berdindu. Zortzi gol sartu ditu, eta batere ez du jaso. Txekiar Errepublikak azkeneko hiru partida ofizialak irabazi ditu.
- Izar batzuk bilduko dira gaur gauean; Arxavin distiratsuena Errusian, Rosicky Txekiar Errepublikan. Bi horiek nabarmentzeko, partidak askea izan behar du. Lotua bada, beraiek lotzen dira. Ez dira azaltzen. Hala ere, Errusia izango da arriskuak hartuko dituena. Txekiar Errepublikak defentsako lana izango du zutabe nagusia. Hori ondo egiten ez badu, aise ibiliko dira errusiarrak.
- Jokalarien talentua. Ezaugarri garrantzitsua. Errusiak talentudun gehiago dauzka. Baliatuko (asmatu) duten edo ez beste kontu bat izango da.
- Thomas Necid. Txekiarren aurrelaria. Errusiako Ligan ari da, CSKA Moskun. Eraginkorra da. Gutxi behar izaten du gola sartzeko. Hori izango da, akaso, txekiarren estrategia: gutxi azaldu erasoan, asko ateratzen saiatzeko.
