D multzoaren analisia
EUROKOPA 2012
Karim Benzema, Wayne Rooney, Zlatan Ibrahimovitx eta Andrei Xevtxenko. Beste era batera esanda: Frantzia, Ingalaterra, Suedia eta Ukraina. Europako gol ehiztari abilenetakoak bilduko dira multzo honetan.
Golak ez luke hutsik egin behar Polonia eta Ukrainako Eurokopa honetako D multzoan. Europako golegile finenak bertan bildu zituen zozketak. Frantziak Karim Benzema dauka, Ingalaterrak Wayne Rooney, Suediak Zlatan Ibrahimovic, eta Ukrainak Andrei Xevtxenko. Golak bakarrik ez du balio, ordea, eta taldekideen lanak baldintzatuko du beraiena. Horretan, Frantziak ematen du indartsuena multzo honetan.
FRANTZIA
Berriz oilartzeko bidean
Krisi handia igaro eta gero, bueltan da berriz onenen artera. Kosta egin zaio Zidane, Deschamps, Barthez, Desailly eta gainerakoen ordezkoak aurkitzea. Urteak behar izan ditu, eta hamaika gorabehera ere bai tartean. Talde mitiko hartako kapitainak hartu behar izan du ardura trena trenbidean sartzeko berriz. Laurent Blancen gidaritzan, selekzio indartsua da Frantzia.
Baina ez da izan hasieratik bide polita. Oraintxe hasi da lanaren fruitua jasotzen Girondinseko entrenatzaile ohia. Duela hilabete gutxi ez zegoen Eurokopa honetan garaile izateko hautagaien artean, baina azkenaldian, indarra hartzen hasi da. Koska bat gora egin du taldeak, eta beste itxura bat ematen du. Fidagarria da orain Frantzia.
Taldea ez ezik, izen distiratsuak ere baditu: Benzema, Ribery, Nasri eta Ben Arfa nabarmentzen dira. Ez dira edozein. Partida berdinduak beren aldera eramateko gai dira jokalari horiek. Sendotasuna eta izarrak. Horrela zehaztu daiteke oilarraren selekzioaren jokoa. Ez dira baliabide txarrak txapelketa ona egiteko. Erdi ezkutuan egon daitekeen faboritoa izateak ere presioa kenduko dio taldeari. Ezustea eman dezake, Frantziak lehiaketa handia egitea ezustetzat hartzen bada, behintzat.

INGALATERRA
Arazoekin eta presaka
Beste txapelketetan ez bezala, Ingalaterra ez dago hautagaien artean. Besteetan ere ia beti jarri izan dute faborito nagusien azpian, eta orain, azpirago dagoela esatea ez da alferrik jardutea. Arazo ugari edukitzen ari da azkenaldian. Aurrenekoa entrenatzaile aldaketa izan zen. Fabio Capelloren aroa bukatu behar zuena baino lehenago amaitu zen, eta duela hilabete pare bat izendatu zuten ordezkoa: Roy Hodgson beteranoa.
Bistan da ez duela denborarik izan taldea bere moldera jartzeko. Gabezia handia da hori. Arazo hori txikia ez, eta handiagoak sortu zaizkio bidean. Makina bat jokalarik min hartu dute, eta ez dira ariko Eurokopan. Ezagunena Frank Lampard. Azkenekoa, Cahill erdiko atzelaria. Garbi esanda, hainbesteko oztopoekin nekez egin daiteke ezer onik. Hala ere, ezustea emateko aukerari lekua utzi behar zaio badaezpada ere.
Izan ere, taldea ez da txarra. Baditu jokalari onak, Rooney buru dela. Hor daude, esaterako, John Terry, Steven Gerard, Theo Walcott eta Ashley Young. Hodgson gai bada daukanari etekina hain azkar ateratzeko, txapelketa duina egin dezake Ingalaterrak. Baina hortik onenen artean sartzera koska handia dagoela ematen du.

SUEDIA
Bide berriak
Jokalarien zerrenda hartu, eta zelai-erdian eta aurrealdean jokalari onak dauzka: Kim Kallstrom, Ibrahimovic eta Johan Elmander, esaterako. Aurreko txapelketetan ere izan ditu, baina ez du deus handirik egin. Lehen, jokatzeko eredua zuhurra zeukan, atzean sartu eta golak sartzeko aukera gutxi sortzen baitzituen. Ausartago jokatzeko baliabidea dauzka, eta horren aldeko apustua eginez gero, lehen fasea gainditzeko aukerak izango lituzke. Horretaz jabetu da Erik Hamren entrenatzailea, eta erasoari ere lehentasuna eman dio.
Bide horretatik, gaindi dezake fase hau, Ingalaterra eta Ukraina menderatzeko gai delako. Aurreko txapelketetan, zenbat partidatan ez da egon Ibrahimovic izarra bakarrik aurrealdean, baloia oso gutxitan ukituz? Baliabide hori edukita hobeto baliatu behar da. Asmatzen badu, lehiaketa itxurosoa egiteko gai da Eik Hamrenen taldea. Garbi dago, behintzat, Suedia zurrun hura iraganeko kontua dela. Bide berri honetatik, ea zertarako gai den.

UKRAINA
Handia egindakoa da
Galderaren ikurra bizkarrean duen beste talde bat da Ukraina. Nolako txapelketa egin dezakeen galdetuz gero, ez da erraz asmatzekoa erantzuna. Alde batetik, talde ona izanik, aukera dauzka lan ona egiteko. Beste aldetik, ordea, izen handiko selekzioa ez izateak konfiantza handirik ez du ematen.
Oleg Blokine garai bateko izar handiaren gidaritzapean da berriz selekzioa. 2006an ere bera zen buru, eta Alemaniako Munduko Kopan final-laurdenak harrapatu zituen. Italia, gerora txapeldun izango zena, izan zuen borrero. Talde hartako hainbat jokalari ariko dira Eurokopa honetan: Xevtxenko, Tymoxuk, Gusev, Milevsky, Voronin eta Rotan, besteak beste. Sei urte igarota, jokalari eginagoak dira denak (Xevtxenko lehendik ere izarra zen), eta aldeko ezaugarria du hori.
2012an, sei urte aurretik egindako balentria berriz egin nahi du. Baina bada ezberdintasuna: orduan ezustetzat jo zena, orain ez da hainbestekoa izango. Gehiagi aurreratzea izango da, akaso, baina txapelketa orotan egon ohi den ezkutuko taldea izan daiteke Ukraina. Ez da bakarra multzo horretan sartzekoa, beste bat edo beste badelako tartean, baina Blokinen jokalariak izan daitezke Eurokopa honetako amimatzaile handienetakoak. Bistan da D multzo honetan edonor har dezaketela mendean, Frantzia indar berrituarekin lan gehiago izan dezakeen arren.
