‘Sentipentsatzen’ beste urtebetez
Marcelo Bielsak Athleticen jarraituko du, denboraldi batez.
Athletic Clubek eta Marcelo Bielsa entrenatzaileak alde biak lotzen duen kontratua beste denboraldi batez luzatzea adostu dute, hau da 2013ko ekainaren 30era arte. (Hala dio klubaren oharrak).
Duela urtebete inguru Euskal Herriko futbolarentzat ohorea izan zen albistea berriz bihurtu da albiste: gurean segituko du Marcelo Bielsak.
Orduan ohorea zena beharra bihurtu da urtebetera: gurean segitu behar zuen Marcelo Bielsak. Behar duelako Athleticek, eta behar duelako gure futbolak. Eta futbol osoak ere bai.
Futbola sentituz eta pentsatuz bizi da Marcelo Bielsa. Duela egun gutxi, sentitu eta pentsatu aditzak aditz bakarrean uztartuz entzun genuen Eduardo Galeano idazle eta futbolzale amorratua Bilbon, Athletic Fundazioak antolatutako hitzaldian: “‘Sentipensando el fútbol’ izenburua eman zion solasaldiari.
Sentitu eta pentsatu. Bai, futbola sentitu eta pentsatu egin daiteke. Unean-uneko, bapateko pasioa bakarrik ez da. Marcelo Bielsak sentitu eta pentsatu egiten du. Eduardo Galeanok ere bai. Hizketan azaltzen dute sentitu eta pentsatu egiten dutela.
Futbola sentitzeko eta pentsatzeko ikuspuntu bera dute:
Marcelo Bielsa: “Jokatzen genuean, baloia berreskuratu nahi izaten genuen azkar, aurkariaren atean gola sartzeko. Berreskuratu eta segituan, barru-barruan aparteko ilusioa sentitzen genuen, baloia guk genuela pentsatuz”.
Eduardo Galeano: “Haur batzuk ikusi nituen, futbolean jokatzetik zetozen, eta honela ari ziren abesten: “Ganamos o perdamos, igual nos divertimos”.
Eduardo Galeano Euskal Herrian egon den aste berean baieztatu du Marcelo Bielsak Euskal Herrian segituko duela. Egunen batean, ‘El fútbol a sol y sombra’ idazlearen liburu ederrak segida izaten badu idazlearen komunikazio magikoaren bidez, lekua izango du Marcelo Bielsak. Kapitu osoa.
Athleticeko egonaldiarena joan zen urtean hasi zen idazten Marcelo Bielsa, eta oraindik ez du amaierarik. Partida gogoangarriak irakurtzen segituko dugu. ‘Sentipentsatuz’.