Omenaldiak prestatzen hasi

Egilea:

Data: 2012/05/19

TXAPELDUNEN LIGAKO FINALA

Chelseak irabazi du txapelketa, penalti jaurtiketetan Bayern Munich menderatuz. Aurreneko aldiz lortu du titulu hau Londresko taldeak.

  • Dabilenari tokatzen zaio. Ibili eta ibili egin da Chelsea denboraldiak joan eta denboraldiak etorri, Txapeldunen Liga irabazteko asmoz. Azkenean, lortu du aurreneko aldiz, noiz eta ordezko gehien izan dituenean 11koan. Urteetan, milaka kilometro egiten eta gero irabazi du halako batean. Didier Drogbak zelaian gaur eta beste egun askotan egitn dituenak hainbeste.
  • Futbolaren historian leku berezia izango du gaurkoak. Maracanazoa Alemanian, Munichen: etxeko taldeari lapurrak sartu zaizkio etxean, eta muturren aurrean ostu diote kopa preziatua. 1950 hartan, Brasili Uruguaik kendu zion Munduko Kopa, Maracanan. Gaur, Chelseak egin du balentria, Bayernen zelaian.
  • Drogba, John Terry eta Frank Lampard. Eta Michael Essien, eta Peter Cech. Beteranoak denak. Chelsearen bizkarrezurra azken denboraldietan. Horietako askoren ibilbidea amaieratik gertu denean lortu dute lehiaketa preziatuena. Erretiroa hartzeko moduan dira. Has daitezela omenaldiak prestatzen Stamford Bridgen.
  • Txapeldunen Liga krudela izan da Chelsearekin azken denboraldietan. Finaletik aldendu zuen azken unean Andres Iniestak 2009an. Urtebete lehenago, finala galdu zuen penalti jaurtiketetan Manchester Uniteden aurka. Terryk irrist egin zuen jaurtiketa erabakigarri hartan. Gaur, nolabait, zorrak kitatu ditu Txapeldunen Ligak Chelsearekin.
  • Krudela izaten ari da, halaber, Bayernekin. Gaur penaltietan galdu, duela bi denboraldi finalean ere galtzaile, eta denen gogoan dena: 1999ko final hura, Manchester Uniteden aurkakoa; azken unean galdu zuen gol bateko aldea, eta final osoa.
  • Bi eredu ezberdin aurrez aurre izan dira finalean. Baloiaren jabetzan oinarrituz, asko ukituz, Bayern. Baloia gutxi ukituz, kontraerasoa bilatuz, eta joko zuzena eginez, Chelsea.
  • Hala jokatuta, normala da Bayern gehiagotan gerturatzea Chelsearen ate ingurura. Askotan ibili da hor inguruan, baina asmatu, ia behin ere ez. Zenbat geldiketa edo urruntze egin ditu Cechek? Oso gutxi. Oso kamuts ibili dira Bayernekoak jaurtiketak egiten. Eskasegi.
  • Beste horrenbeste kornerretan ere. 20 inguru atera ditu, eta arriskuaren aztarrenik ere egin ez. Chelseak nahikoa izan du aurrenekoa partida berdintzeko, 88. minutuan. Drogba golegile, buruz; nor bestela? Partida handia egin du (penaltiko unea kenduta), defentsan, erasoan… Zenbat aldiz urrundu du baloia kontrako kornerretan, inor zaintzen ez duenaren lana eginez?
  • Lehenxeago, 83. minutuan, Thomas Mullerrek aurretik jarri du Bayern, beste burukada batez. Ematen zuen nahikoa izango zela, baina…
  • Luzapena: hasi orduko, Arjen Robbenek kale aldeko penaltia. Bueno, kale ez; Cechek geratu. Gero etorri denaren aurrerapena izan da.
  • Aurrelaria bere area barruan, arriskua seguru. Drogbak penalti inozoa egin dio Riberyri. Atzelaria beste taldearen arean, gola sartzeko zorian, kale ia seguru. Van Buytenek erakutsi du atzelari petoa dela, Ivica Olicek eginda eman dion gola alferrik galduz.
  • Penalti jaurtiketak: bi huts egin ditu Bayernek (Olic eta Schweinsteiger); bakarra Chelseak (Mata). Cechek denak igarri ditu, eta geratu bi. Neuer beste atezainak gola ere sartu dio.
  • Aipamen taktiko batzuk:
  1. Kontraerasoan egin diote min handiena elkarri bi taldeek. Harrigarria da Chelseari halakoak egitea.
  2. Erritmo makala izan du neurketak, Chelsearen mesedetan. Bayernek biziago jokatu behar zuen, gehiago baliatu baloiaren jabetza.
  3. Mario Gomez: lana erraztu die Chelseako erdiko bi atzelariei, Cahill eta David Luizi. Ez dute sufritu. Bestelakoa izango zen egoera, mugikortasun handiko aurrelari bizia parean izan balute.
  4. Chelseak gutxian erabili du baloia, baina batzuetan, zein ondo mugitu duen: bikain uztartu dituzte lotura hauek: barrutik hegaletara, hegaletatik barrura, eta barrutik barrura, berriz hegaletara zabaltzeko.
  5. Chelseak ondo itxi dizkio hegalak Bayerni, jokalari asko pilatuz. Halakoetan, beste hegalean egoten da zuloa, eta hori ez dute baliatu alemaniarrek.
  6. Riberyk eta Robbenek ez dituzte hegalak ixten defenditzean, eta Chelseak ondo baliatu du aukera hori, atzeko bi hegalekoak gora botatzeko eta jokoaren parte izateko (Cole eta Bosingwa). Beste helburu bat ere bete dute horrekin: Riberyk batez ere, eta Robbenek oso atzera joan behar izan dute defendatzera, eta gero, erasora joateko, metro gehiago egitera behartu dituzte.
  • Roberto Di Matteo: ikasgai ona Roman Abrahimovitxentzat. Urrutiko kanpaiak hamalau, gerturatu eta lau.