Norbere taldean edukitzea hobe
TXAPELDUNEN LIGAKO FINALA
Mario Gomez eta Didier Drogba. Bayerneko eta Chelseako aurrelariak, hurrenez hurrenez. Indartsuak biak, taldekideei jokarazteko egokiak. Eta nola ez, golegileak.
Golak sartzea da helburuetako bat futbolean. Ez jasotzea, bestea. Gehien sartzen duenak irabazten du. Gaurko finalean Bayernek sartuko ditu gehiago? Ala Chelseak?
Zeregin hori talde osoarena da, ez jasotzea den bezalaxe. Baina golak egiteko trebeenak aurrelariak izaten dira. Gaur, onenetako bi ikusteko aukera izango da: Mario Gomez (Bayern) eta Didier Drogba (Chelsea). Finalaren noranzkoa bien oinetan eta buruan egongo da, neurri batean. Nork asmatuko ote du gehiago?
Asmakizun zaila da. Itxuraz, Gomezek aukera gehiago izango ditu, bere taldeak erasoan aritzeko erraztasun handiagoa duelako. Hala gertatzen bada, bat edo beste botako du barrura alemaniar erraldoiak (1,89 metro luze da). Drogbak zenbat aukera izango dituen ez dago argi. Betiere, finalaren aurreko aurreikuspenak betetzen badira.

Antzekoak dira biak. Handiak eta indartsuak. Potentzia handikoak. Aurkariaren ateari bizkarra emanda ondo baino hobeto moldatzen dira, gorpuzkera baliatuz. Baita goitik datozkien baloietan ere. Lan horiek egitea sekulakoa da taldekideentzat, baloiari eusteko aukera izaten duelako taldeak, erasoan jarraitu ahal izateko. Gainera, atzelarien lana ere zaildu egiten du, itsutu egiten direlako ezaugarri horretako aurrelariekin, beste zeregin guztiak eta geroko jokaldiak baztertuz.

Mario Gomez bi klubetan aritu da, biak Bundesligakoak: Stuttgart eta Bayern Munich. Bederatzi urte daramatza elitean, eta 243 partidetan 156 gol sartu ditu. Selekzioarekin sartutakoak gehitu behar zaizkio horiei: 51 partidetan, 21 egin ditu.
Didier Drogba Boli Kostakoa da, eta Frantzian eta Ingalaterran ari da osatzen ibilbidea. Lau taldetan jokatu du: Frantzian, Le Mansen, Guimgampen eta Marseillan; Ingalaterran, Chelsean. 480 partida jokatu ditu, eta 223 gol sartu. Selekzioan, 75 jokatu, eta 55 egin ditu.
Biek irabazi dituzte Ligak: Gomezek Alemanian, Drogbak Ingalaterran. Eta biei falta zaie lehiaketa bat: Txapeldunen Liga. Gaur izango da egun handia bietako batentzat. Gol erabakigarria sartzea amestuko zuten honezkero. Ez harritu hala izatea. Horretarako dira golegileak.