Lyon eta Frankfurt, Txapeldunen Ligaren bila

Egilea:

Data: 2012/05/17

Finala gaur arratsaldean jokatuko dute Municheko Olimpiastadion zelai historikoan (18:00).

Emakumezkoen futbolaren hitzordu nagusia gaur arratsaldean da (18:00): Txapeldunen Ligako finala. Aurrez aurre bi talde handi: Lyon eta Frankfurt. Zelaia ere mitikoa, historikoa: Municheko Olimpiastadion.

Bi aurkariak muturrean daude filosofian: bat alde batean, bestea bestean. Frantziarrak dira emakumezkoen futboleko ‘galaktikoak’. Dirua eta fitxaketak. Alemaniarren bidea bestelakoa da.

Lyon da egungo txapelduna, eta Frankfurt da lehiaketa sonatu hau gehien irabazi duena: hiru bider. Lyonen hirugarren finala da gaurkoa, eta hiruretan, Alemaniako taldeak aurkari. 2010ean, galdu egin zuen Turbine Postdamen aurka, eta iaz, irabazi egin zion.

Frankfurtek 2001-2002an irabazi zuen aurreneko aldiz, Umea IK Suediako taldea menderatuz. 2005-2006an gailendu zen bigarrengoz, Turbine Postdam garaituz; eta 2007-2008an du azkeneko garaipena, berriz ere Umea IK azpiratuz.

Gaurkoa izango da partida bakarrera jokatuko den hirugarren finala. 2008-2009ra arte, bi partidetan zehazten zen garailea.

Zelaiari dagokionez, Bayernen estadio zaharra da. Zazpi urte da futboleko partidarik jokatzen ez dela bertan, eta emakumezkoen lehen partida gaur jasoko du. 62.000 ikusle sartzeko lekua du, eta marka hautsi nahi dute: Txapeldunen Ligan inoiz bildu den jendetza gehiena bildu. Errekorra 28.000 ikusletan dago, eta 2009koa da.

Lira Bajramajen lesioa

Alemaniarren izarra da, baina minez dago. Joan zen larunbatean, Kopako finalean (Frakfurten galdu egin zuen Werder Bremen aurka), orkatila bihurritu zituen, eta gaur ariko edo ez zalantzak daude.