Baieztatu beharra baieztatu beharrik ez denean…
ANALISIA
Philippe Montanierrek Realean jarraituko duela azaldu du klubak, komunikatu ofizial baten bidez.
- Argitu da misterioa, baina ilunak argirik gabe jarraitzen du. Misterioaren argitzea: Philippe Montanierrek Realean segituko du, eta iaz sinatu zuten kontratua beteko dute bi aldeek, beste denboraldi baterako tratua ere egin baitzuten orduan. Ilunak ez du argirik: entrenatzailearen gaian kluba zertan ibili den ez dago argi, eta benetako konfiantza ote den edo zer den zalantza dago. Gehegi hitz egin delako edo gauzak argiegi (eta ilunegi) esan direlako agintarien partetik, kontu horiek barrurako gorde beharrean.
- Komunikatu ofiziala atera du Realak. Kontratuan sinatua dagoena baieztatzeko beharra ikusi badu zuzendaritzak, zerbaitegatik izango da. Eta ez du ematen kaleko hitz jarioa bakarrik izan denik Montanierren geroaz esandako guztia. Barruan hitz egin dutenari kanpotik begiratzeak ematen duen zalantza ukituarekin, ematen du klubeko agintariek ez dutela (izan) konfiantza osorik Montanierrengan.
- Komunikatuak dioena ere aztertzekoa da. Ematen du aditzera Montanier zela zalantzekin zebilena, “Montanierrek Realean segituko du”. Honela behar zuen, izatekotan: “Montanierrek segituko du Realean”.
- Zergatik beteko du kontratua? (edo betetzen hasiko da, klubaren zalantzak uxatu ezean). Emaitzak izan du pisu handiena ala Zubietan egindako lanak? Bigarrenaren pisuak behar luke izan arrazoi nagusi, baina…

- Badu meritua Montanierrek. Laneko baldintzak zail jarri izan dizkiote barrutik eta kanpotik. Larriena barrukoena izan da. Nagusiak langileari kontuak eskatzeko lekua ez da herriko plaza, bulegoa baizik. Behin baino gehiagotan eskaini die klubak normandiarraren burua kanpokoei. Lepoa egiteko zorian egon ziren, baina gillotinak ez dio guztiz ebaki.
- Halako baldintzetan, Montanierrek berak adio esatea ez litzateke harritzekoa izango. Direnak eta ez direnak entzun behar izan ditu, eta entzun beharreko horietan, futbolarekin lotutako arrazoiak ez dira asko izan.
- Futbolarekin loturiko horietako bat izan da partidak gaizki irakurtzearena. Hain erraza balitz… Liburuak bezalakoak dira partidak: nork irakurtzen duen, haren irizpideen araberakoa izango da irakurketa.
- Zenbait kontutan huts egin duela ez diote barkatzen Montanierri. Baina dena egin al du gaizki? Denaren berri eman behar da: onarena eta txarrena. Eta ez txarrarena bakarrik, bera bistatik kentzeko gogoa aurretik jarriz. Ba al da munduan dena ondo egiten duen entrenatzailerik?
- Montanierren jarraipena ona da. Realak ezin du entrenatzaileen dantzarekin segitu. Segida behar du, koherentziarik gabe ez dago lan onik. Lanak denbora behar du alboan. Baina, faborez, ez epaitu lan hori emaitzetan bakarrik oinarrituz.