Lotina, emaitzak, lanak… eta errespetua
ANALISIA
Realeko, Deportivoko eta Vila-realeko entrenatzaile izan, eta hiru taldeak Bigarren Mailara jaitsi. Emaitzez haratagoko azterketa eskatzen du datu horrek.

- Futbola emaitzen diktadurak jazarrita dago. Irabazlea, ona; galtzailea, txarra. Oso azaleko bereizketa da hori. Emaitzak aldagai askoren mende daude, eta futbola ez da matematika. Oso erratuta dago hainbat jende alde horretatik, logikarik ez duen zerbaiti logika eskatuz eta exijituz.
- Emaitzaren gainetik behar luke egon lanak eta bideak. Izan daiteke lana ona eta emaitza txarra. Izan daiteke lana txarra eta emaitza ona. Lana eta bidea ondo egindakoak badira, horrek balio du. Miguel Angel Lotinaren kasua argigarria da: azken hiru taldeetan emaitza txarrak, denetan Bigarren Mailara (Reala, Deportivo eta Vila-real). Lan txarra egiten duela esan nahi al du? Emaitzez haratagoko azterketa sakona egin behar da erantzun azkarra eman baino lehen.
- Entrenatzaileoi ez zaigu batere errespeturik izaten. Zartako guztien jomuga gara. Lotinarekin segituz, berriz ere argigarria den zerbait: talde bat Bigarren Mailara jaitsi duen bakoitzean, bera errudun besteen begietara. Bera bakarrik. Eta jokalariak? Eta jokalari multzoa aukeratu duen agintaria?
- Lotina ausarta da. Realean eta Vila-realen besteek eginiko taldeak entrenatzeari baiezkoa eman zion. Ezetz esateko aukera zeukala? Hori ere hala da, baina badira entrenatzaileak dena eginda izaten dutenak, eta balioa eman behar zaio Lotinaren ekimen ausartari. Diruaren atzetik ibiltzea leporatuko dio norbaitek, baina zenbat kobratuko zuen Vila-realen bi hilabeteko lanagatik? Milioiak ez behintzat.
- Emaitzen diktadura honetan, gurutzea jarriko diote orain leku askotan, ez dute nahiko. Lotina eta behera jaistearen mamua uztartuko dituzte. Emaitzei hainbeste begiratzen dioten horiek, ez diote erreparatzen onetik ere baduela, eta jaitsierak hainbeste edo gehiago, gainera. Begiratu nahi dituenak hor dauzka datuak, emaitzak hain gustuko dituzten neurrian.
- Datuekin segituz, eta emaitzetara eramanez, hartu Lotinaren datuak Realean eta Vila-realen. Bera entrenatzaile egon zen tartean, ez jaisteko adina puntu batu zituzten bi taldeek. Baina ez, errua beti Lotinarena. Adarduna eta buztanduna beti bera.