Europa krisian dago

Egilea:

Data: 2012/05/13

Osasunak bere lana bete du Santanderren (2-4), baina beste taldeen emaitzek ez diote denboraldiko bigarren helburua betetzen utziko.

Urruti antzean geratu da Osasunak 1. Mailan segitzeko bermea lotu zueneko jardunaldi hura. Ordutik, Europara sailkatzeko aukera ibili da hitzetik hortzera. Azkenean, aukera ez da gauzatu. Azken egunera arte lorpena gertu izan arren.

Osasunak egin ditu etxeko lanak: Santanderren irabazi (2-4). Ibrak, Cejudok, Raul Garciak eta Roversiok egin dituzte golak. Baina Levantekoek ere egin dituzte bereak, eta Atletico Madrileko Falcaok ere bai, eta beste partidetako bi emaitza horien eraginez, Europan ez dute ikusiko Osasuna zer den.

Esan egin behar da, orain gutxi sortu zen helburua ez gauzatzeak etsipenik zabal ez dezan bazterretan: egundoko denboraldia egin du Jose Luis Mendilibarren taldeak. Jan beharrekoa ondo baino hobeto jan zuen, garaiz, eta azkeneko hau kafea, kopa eta beste zerbait izan da. Ezin da esan ase ez denik sasoi honetan.

Europa hitz polita da, baina krisian dago. Zenbat eta urrutiago, hobeto. Osasuna gaixotzeko arriskuan egongo zen Europara aterata: partida asko, bidaia ugari, astean bizpahiru neurketa, jokalari multzo txikia… Ilusioa eragingo zuela sailkatzeak? Hori ez dago ukatzerik. Gehiagoren bila joan behar dela, eta gehiago horretan Europa dagoela? Dudarik ez.

Baina etsita dagoenen bat pizteko, Europako krisiarena helduleku ona da. Etsipenak ezin du lekurik izan denboraldi honetako Osasunaren inguruan.