Ondoren txarrena

Egilea:

Data: 2012/05/13

Athleticek Levanteren zelaian bukatuko du denboraldi honetako Liga (20:00). Ez du ezer jokoan, Levantek dena, eta asteazkeneko kolpea ahazteko ez da neurketa egokiena.

Jota geratu zen Athletic asteazkenean. Ezertarako gogorik gabe. Halakoetan onena izaten da han bertan bukatzea lehiaketa. Eta okerrena, lehiaketak segitzea, zein txapelketetan eta jokoan ezer ez duzun horretan. Halaxe ekingo dio gaur partidari Levanteren zelaian (20:00). Azkenekoa da, eta horrekin kontsolatu beharko.

Levante, aldiz, motibazioz gainezka aterako da. Europako Ligan sartu nahi du datorren sasoian, eta irabazten badu aukera asko dauzka helburua gauzatzeko. Denboraldi bikaina biribiltzeko azken pausoa litzateke. Eta zaleen aurrean.

Festa horretan iraun beharko du Athleticek. Iraun baino lehiatu. Indarrak handik edo hemendik atera beharko dituzte denek, buruko indarrak. Bestela, iluntze txarra pasatzeko arriskua hor dago. Ondo lehiatzen badute, asteazkenekoa buruaren izkinaren batera sartuko zaie, baina ondo lehiatzen ez badute, hor ariko zaie danba eta danba, mailu handienaren pare.

Marcelo Bielsak jokatzeko moduan diren jokalari guztiak eraman zituen atzo Valentziara.