Sortzea baino errazagoa da puskatzea

Egilea:

Data: 2012/05/09

ATHLETIC EUROPAKO LIGAKO FINALEAN

Galdu egin du Athleticek Europako Ligako finala Atletico Madrilen aurka (3-0).

  • Erasoa, defentsa. Bien arteko oreka. Horra futbola. Askoz errazagoa da defendatzea. Zailagoa da erasotzea. Marcelo Bielsaren Athletic hau sortzailea da. Sortu egiten du, sortzera ateratzen da partida guztietan. Eta ematen badu ere erraz egiten duela, zailtasun handiko lana da. Finaleko aurkaria, Diego Simeoneren Atletico hau ez da sortzailea. Erosoago dago sortzailearen lanak puskatzen. Gaur, artelan oso bat txiki-txiki eginda utzi du. Hori ere futbola da.
  • Hiru kolpe zital. Nahikoa. Eta lehen biak lehen zatian izanda, edozein txikituta uzteko kolpeak dira.
  • Ito egin du Athleticen jokoaren sormena Atleticok, goian presioa eginez.
  • Itota atera dira Athleticeko hainbat jokalari. Finalak jan egin ditu. Gaztetasunaren ajeak. Beste edozein partidatan ondo baino hobeto egin dituzten gauzak gaur ezin txukun egin: pase txarrak, kontrol eskasak, jokalarien erabaki taktiko okerrak…
  • Atleticoko jokalariak zailduagoak dira, eginagoak daude, eta antzeman egin da. Finaletan asko balio du horrek.
  • Ezetz ematen badu ere orain, Atleticoren defentsako lanean zuloak egon dira; esate baterako, lehen zatian: baloia ez zegoen hegalean espazio onak izan ditu Athleticek min emateko, baina ezin iritsi leku horietara. Berriz ere lehen esandakoagatik: teknikoki eskas, eta taktikoki ere erabaki okerrak.
  • Finala azkena da, ez da beste aukerarik izaten. Ez du beste partida bat ematen galera osatzeko. Eta halakoetan, garesti ordaintzen dira opariak. Gaur, gehiegi egin dituzte jokalariek.
  • Bigarren zatian, zuzenago jokatu du Bielsaren taldeak. Baloiak gora. Emaitza txarraren eraginez. Baina horrela ere zehaztasun gutxi. Argirik ez, iluntasun gehiegi.
  • Egundoko joa erakutsi du Atleticok. Falcaok, bi aldiz, zehatz esateko. Gutxirekin asko egin du. Athleticek eginahalak eta bi behar izan ditu aukeratxo batzuk sortzeko.
  • Llorente ondo lotu dute aurkariek. Gogoratzen Llorentek jokatu ez zuen partida haietan bere hutsune handiaz jarduten zela? Simeonek ere badaki zerbait.
  • Muniain: bigarren zatian berak hartu du taldearen ardura. Baloiaren bila joan, hartu eta eraman. Gaztea da bera ere, baina berezko beste zerbait dauka.
  • Bielsaren esaldi bat, amaitzen joateko. Argentinako entrenatzaile zela, 2002ko Munduko Kopan, lehen fasea ez zuen gainditu. Hau esan zuen gero: “Inoiz hartu dudan kolperik handiena da. Baina bidearekin geratzen naiz, prozesuarekin. Emaitza txarra izan da, eta onartzen dut, baina bide ona hor dago”. Gaurkorako ere balio du.
  • 1977 eta 2012. Zenbat final galdu behar dira bat irabazteko?