Andre zaharra gaztetu egin da
Juventusek irabazi du Italiako Liga, jardunaldi bat falta dela. Bederatzi urte zeramatzan scudettoa irabazi gabe. Txapelketa osoan ez du partidarik galdu.
Juventus entzun, eta burua 80ko hamarkadara joatea dena bat izaten da nire kasuan. Ondo gogoan dauzkat Tacconi atezaina, Boniek aurrelaria, Platini eta garai hartako beste jokalari batzuk. Orduan izan nuen aurrenekoz Italiako talde haren berri.
Izena egiten zitzaidan erakargarri, eta elastikoaren koloreak ere gustatzen zitzaizkidan: zuria eta beltza. Baina erabat liluratu ninduena taldearen ezizena izan zen: La Vecchia Signora. Belarriak gozatu zizkidan lehen aldiz entzun nuenean. Bat-bateko itzulpena ere azkar egin nuen, azkar bezain oker: Andre ederra. Vecchia gaztelerazko ‘bella’ren parekoa zela iritzita. Baina ez da horrela. Andre zaharra du esanahi ezizenak.
Atzo gauean, ederki gaztetu zen andre zaharra. Bederatzi urte, hain zuzen. Orain dela bederatzi urteko lorpen bera erdietsi zuen: Italiako Liga irabazi. Calcioa. Scudettoa. 2002-2003 denboraldian lortu zuen azkenekoa, eta harrezkero, atzo bitartean, futbolaren barrunbeetan ezkutatuta egon behar izan du. Bere erruz,neurri handi batean.
Izan ere, andre zaharra nahasi egin zuten zenbait agintarik. Zaharra azkar gaztetu nahian, legez kanpoko hainbat jarduera egin zuen zuzendaritzako zenbait kidek, Moggi jauna buru. Partidak erosi ere bai, eta horregatik, iaz, kartzelara zigortu zuten, bost urterako.
Jarduera ustelak erabat itsusitu zuten andre zaharra. 2006-2007 denboraldia Serie Bn edo Bigarren Mailan egitera zigortu zuten. Aise igo zen, eta 2007-2008tik, elitean da berriz. Onenen artean egin zuen bigarren denboraldian ia gaztetu zen erabat, bigarren izan baitzen. Baina harrezkero, majo kostatu zaio bere betiko xarma berreskuratzea.
Egun handia izan zen atzokoa. Eta bitxia. Izan ere, Inter Milan aurkari historikoak eman zion titulua eskura. Milango derbian, Milan menderatu zuen (4-2), eta Cagliarin Juventusek irabazi zuenez (0-2), lau puntukoa da bien arteko aldea. Partida bakarra falta denez, Juventus txapeldun.
Irabaztea handia bada, denboraldiko bi datu hauek puztu egiten dute lorpena: ez du partidarik galdu Liga osoan, eta 19 gol bakarrik sartu dizkiote. Hori da hori dotorezia eta elegantzia andre zahar gaztetu berriarena. Mingain zitalek diote erabat maitemindu dela Antonio Conte entrenatzailearekin. Jokalari zenean maitale izandakoak ere ikaragarri maite du andre zaharra.