Gol baten prezioa
Osasunak irabazi dio Realari derbia Sadar zaharrean (1-0, Ibra), eta Europan sartzeko aukerei eusten diete gorritxoek.
- Zenbat balio ote du gol batek? Batzuetan ikaragarri pila. Besteetan, gutxi. Partida bat gol batekin erabakitzen bada, oso garestia izango da. Gaur, Sadar zaharrean, Ibrak sartutakoa preziatuenen multzoan sartzekoa da. Gol bat, hiru puntu.
- Hamabosgarren minutua betetzerako sartu du aurrelariak. Osasunaren itxura aldarazi du golak. Ordutik, atzean sartu da, eta kontraerasoa bilakatu du erasorako baliabide nagusia.
- Reala txukun antzean ari zenean sartu dio gola Osasunak. Hortik aurrerakoa, nahi eta ezin izan da. Baloiaren jabe bai, eta atzelari-euskarri lotura oztopo handirik gabe egiteko aukerarekin, gainera. Baina lotura horri segida emateko beste loturak lotzea gehiago kostatu izan zaio. Ondorioz, ez du golak sartzeko aukera garbi-garbirik sortu.
- Osasunak bai, eduki ditu aukera onak. Kontraerasoan, Realekon hutsak baliatuz. Bravok, ordea, buruz buruko denak urrundu dizkie etxekoei. Baloiaren jabe izan gabe, Osasunak aukera garbiak sortu ditu. Realak, baloiaren jabe eginagatik, ez du aukera garbirik sortu.
- Atezainak izan dira nagusi bi taldeon arteko bi derbietan sasoi honetan: Andres Fernandezek eragotzi zuen Realaren garaipena Anoetan, eta gaur, Bravogatik ez balitz, gol bat baino gehiago sartuko zizkion Osasunak.
- Geldikako jokaldiak: bigarren zatian, Realak asko izan ditu alde, baina errematatzaileei ez diete aukerarik eman jaurtitzaileek. Ia denak eskas atera dituzte.
- Sailkapenean, Ibraren golak egundoko balioa dauka. Puntu batera du orain Europan sartzeko aukera. Datorren asteburuan, azkeneko jardunaldian, Racingi irabazi behar, eta beste aurkarien emaitzei begiratu behar. Gaurkoak baino aldekoagoak izango al dira…