Golak, asteazkenerako
Athleticek berdindu egin du Getaferen aurka San Mamesen (0-0). Bielsak 9 titular utzi ditu 11kotik kanpo.
Atearen aurrean kamuts. Athleticek ez dio golik sartu Getaferi San Mamesen. Getafek ere ez Athletici gaur gauean. Eta ez da izan batere aukerarik eduki ez dituztelako. Sortu, sortu dituzte, baina asmatzen ez dira hain fin ibili.
Athleticen kamustasuna ez da kontu berria. Titularrek huts egin badute, ordezkoek ere gauza bera egitea ez da harrigarria. Zerbaitegatik daude titularrak eta ordezkoak. Izan ere, gaur, Marcelo Bielsak jai eman die titular askori. Bederatzi utzi ditu 11kotik kanpo: edo aulkian, edo deialditik kanpo. Aurtenetxek eta Ander Herrerak bakarrik jokatu dute hasieratik. Garbi dago zer zuen buruan entrenatzaileak erabaki horiek hartzean: asteazkena, Bukarest, finala.
Jokatu dutenen artean, Jonathan Ramallo egon da. Hasieratik aritu da gaztea. Aurrenekoz, San Mamesen. Ondo gogoan izan du gaurko eguna atzelariak.
Berdinketak ez du eraginik handirik Athleticen sailkapenean. Postuen gorabehera besterik ez du jokoan bukaera honetan. Bederatzigarren da orain, gaurko emaitzak kontuan hartuta.
Gaurko lanak bukatuta, orain bai, orain Bukarest du helmuga klub osoak. Hurrengo partida da. Asteazken gauean. Europako Ligako finalerako utziko zituen golak Athleticek. Gaur sartu ez dituen horiek.