Zaharrenaren xarma

Egilea:

Data: 2012/05/05

Ingalaterrako FA Cup da munduko txapelketa antzinakoena. 1881ean jokatu zen aurrenekoz. Gaur du finala: aurrez aurre, Chelsea eta Liverpool, Wembley estadioan (18:15).

Zaharrari lotua egoten da batzuetan baztertua. Izkina batean, utzita eta bakarrik. Izan daiteke zerbait, edo izan daiteke, norbait.

Baina zaharra xarmagarria ere bada. Maitatua. Estimatua. Zerbait edo norbait.

Ingalaterran, futbola eta zaharra ondo uztartuta dituzte. Txapelketa batek ordezkatzen du futbola bikote horretan, eta antzinatasuna zehazten duen datak, zahar izaera. FA Cup txapelketa du izena, eta ondo antzinakoa da. 1871n jokatu zen aurrenekoz. Futboleko txapelketa zaharrena.

Parte-hartzaileak 700dik gora dira, Maila askotakoak: Premier Leagueko taldeekin hasi, eta hortik behera, 10. Mailako taldeetan bukatzeko. Kopuruaz gain, badu beste bereizgarri bat: kanporaketa bat, partida bat. Zozketa bidez erabakitzen da bi taldeetako zeinek jokatuko duen etxean. Berdinketa badago, beste partida bat jokatu behar izaten dute; nomalean, lehen lehia kanpoan jokatu duenaren zelaian. Horretan ere berdinketa bada, penaltiek zehaztu dute zein den kanporaketako irabazlea. Baina lehen ez zen penaltien bidez erabakitzen, eta partidak jokatzen segitzen zuten berdinketa hausteko: zenbait kanporaketa bukatzeko, sei neurketa jokatu behar izan zituzten bere garaian. Eta Fulhamek du partida gehien jokatzearen marka: 1975ean, hamabi jokatu zituen sei kanporaketa gainditzeko.

Txapelketaren sistema honela dago antolatuta: 14 kanporaketa jokatzen dira. Aurreneko seietan, sailkapen partidak izaten dira; ondorengo seiei proper rounds esaten zaie; eta gero datoz, finalerdiak eta finala. Abuztuan hasten da lehia, eta maiatzean bukatu. Premier Leagueko taldeak proper rounds horretako hirugarren kanporaketan hasten dira lehian, 64 talde bakarrik geratzen direnean.

Ingalaterrako eta Galesko taldeek jokatzen dute, baina ez Galesko denek; soilik Ingalaterrako Ligetan ari direnek, baizik. Finalerdiak zelai neutroetan izaten dira (2008tik, Wembleyn), eta finala ere Wembleyn (eraberritzen egon zen urteetan, Cardiffen jokatu zen). Finalerdi gehien hartu duen zelaia Villa Park da (Birmingham): 55 bider.

Txapeldunen zerrendan, talde bakarra dago Ingalaterrakoa ez dena: Galesko Cardiff City (1927). Premier Leaguen aritu gabe, zortzi taldek eraman dute kopa historia osoan:  Notts County (1894), Tottenham (1901), Wolverthampton (1908), Barnsley (1912), West Bromwich Albion (1931),  Sunderland (1973), Southampton (1976), eta West Hamek (1980).

FA Cup gehien irabazi duena Manchester United da: 11 aldiz. Gero Arsenal dago (10). 42 taldek irabazi dute noizbait lehiaketarik zaharrena. Gaur, Chelseak irabazten badu, zazpigarrena izango du. Liverpool bada garaile, zortzigarrena.