Athletic-Bartzelona: Liga jokoan

Egilea:

Data: 2012/05/04

Gaur jokatuko dute emakumezkoen 1. Mailako partida Lezaman (19:00). Kataluniarrek irabazten badute, txapeldun izango dira.

Emakumezkoen futbolean joka daitekeen partidarik handiena ikusteko aukera dago gaur Lezaman (19:00). Athletic eta Bartzelona aurrez aurre. 1. Mailako sailkapeneko aurreneko biak. Gainera, lehiaketa bukatzeko lau partidaren faltan daude.

Sei puntu goitik da Bartzelona, eta gaur irabazten badu, txapeldun izango da. Athleticek irabazten badu, hiru puntura murriztuko du aldea, eta bederatzi geratuko dira jokatzeko; Liga irabazteko aukerak orain baino ugariagoak izango dira, hortaz. Irabaztea ez ezik, lehen itzuliko partidako emaitza ere gainditzea komeniko zaie zuri-gorriei: 1-0 galdu zuten.

Hemen dago gaur Athleticen elastikoa jantziko duten jokalarien zerrenda.

Bihar, Reala-Malaga, eta etzi, Reocin-Lagunak

Gure beste bi taldeek bihar eta etzi jokatuko dute. Realaren txanda izango da bihar. Malagaren aurka jokatuko du Zubietan (12:30). Aukera ona da hiru puntuak batzeko, eta zazpigarren postua bermatzeko (seigarren izateko aukerari eusteko ere bai), eta bide batez, Lagunaki mesede egiteko. Izan ere, Malaga ere jaitsieran da Lagunak bezala, eta puntuz berdinduta, gainera.

Hain justu, nafarrak aipatuta, igandeko partidan irabazi beharra daukate. Reocinen zelaian ariko dira (17:00), azkenaren etxean. Zortzi puntu baino ez ditu, eta hiru puntuekin itzuli behar dute Barañaingoek. Ez jaisteko borrokan, funtsezkoa da igandean irabaztea. Helburu hori lortzeko, hiru puntu jan behar dizkio Valentziari edo lau L’Estartit taldeari.