Kapitain isila

Egilea:

Data: 2012/05/03

Mikel Aranburuk iragarri du futbola utziko duela denboraldia amaitzean. Hauxe da Realeko kapitainaren soslaia.

  • Bazebilen hegan Mikel Aranbururen agurraren, ez agurraren hostoa. Oraintxe haruntz, gero honuntz. Azkenean, haruntz joango da. Betirako agur esango dio futbolari izateari denboraldiaren amaieran. Realeko kapitaina badoa. Kapitain handienetakoa.
  • Halakoetan ohi den bezala, datuak: 424 partida jokatu ditu bere betiko taldean 1998-1999 denboraldian lehen taldean denetik. 32 gol sartu ditu. Beste bost jokalarik baino ez dituzte jokatu 400 partida baino gehiago Realean: Gorriz, Larrañaga, Zamora, Arconada eta Fuentes.
  • Datuen eta zenbaki horien atzean, beste hainbat gauza dago: ikusi ez diren keinuak, entzun ez diren hitzak, sentimendu gozoak eta gaziak, pozak eta algarak, eta negarrak eta malkoak. Denetarik bizi izan du urte hauetan, baina txarretik tokatu izan zaionean, gogor kolpatua izan da.
  • Onetik: 2002-2003 denboraldi handi hura, Ligan bigarren geratu zirenekoa. Xabi Alonsoren alboan, euskarri. Eutsi eta eutsi. Garai txarretan pairatu behar izan duenaren metafora: euskarriaren lana eustea da, eta zenbat bider ez ote dio eutsi Reala osoari. Bere erabakiekin, bere hitzekin… eta nola ez, bere isiltasunarekin.
  • Garai txar askoak: 2005eko lesio latz hura. Belauna txiki. Baina bihotza handi, eta osatu egin zen futbolerako. Inoiz ez dio zor hori kitatuko futbolak. Aranbururik gabe futbolak, bere sakonean, kolpe latza hartuko zukeen.
  • Beste garai txarrak: denboraldia joan eta denboraldia etorri, Bigarren Mailara ez jaisteko borrokan. Beti garaile. Bigarren Mailara jaitsi arte. 2007an izan zen. Baina kapitainak ez zuen itsasontzia bakarrik utzi. Lemari sendo eusten segitu zion, handik hiru denboralditara, ontziaren kroskoa itsas azpitik atera zen arte. Lehen Mailara berriz ere.
  • Kapitainak eredua izan behar du. Taldearen ahotsa, argia, iparra. Hori dena izateko ez dago zaratarik atera beharrik. Isilik bete ditu zeregin horiek denak kapitainak. Isil-isilik ere indartsua izan daitekeela erakutsi du. Kapitain isilak ere eraginkorrak dira.
  • Edukiko zuen hainbat bider, ziurrenik, dena kareletik botatzeko gogoa. Realaren inguruko giroa asko gaiztotuta ibili da, dabil… eta ibiliko da, bide txar horretatik segituz gero. Anoetan txistuen hotsa, egoera instituzional petrala, egindako lanari kanpotik balioa ez ematea, eta beste hainbat egoera deseroso. Baina ez du inoiz ontzia alboratu. Tinko leman kapitaina.
  • Pairatu behar izan duen ezegonkortasuna azaltzeko datua entrenatzaile kopuruarena da. 17 izan ditu hamabi urtean, hamalau denboralditan. Erraz esaten da.
  • Futbolari izateari esanahi sakonagoa eman dio. Gizarteko arazoen aurrean iritzia eman du, eta hainbat ekimenetan lagundu. Futbolari konprometitua izan da. Konpromiso hori agerian utzi izan du, eta ezkutuan ere bai, kasu batean, kasu berezi batean. Berak kontatuko du, agian, egunen batean.
  • “Harrobitik maila handiko jokalariak datoz. Gauzak bere garaian uzteak badu balioa”. Mikel Aranburuk esana, 2012ko maiatzaren 3an. Horixe da Mikel Aranburu (Azpeitia, 1979).