Heldutasun puntua
Realak berdindu egin du Atleticoren zelaian (1-1), Velak 91. minutuan sartutako golarekin.
- Ez zen partida erosoa Realarentzat. Beti izaten baita zaila helburua lortu ondorengo neurketa. Atleticoren zelaia ere ez da leku atsegina. Baina Realak partida ona jokatu du, ondo lehiatu dira jokalariak. Gainera, galtzen joan eta gero lehian segitzea ere nabarmentzekoa da. Heldutasuna erakutsi du taldeak. Seinale ona. Mezu baikorra zabaldu dute denek: jokalariek eta entrenatzaileak.
- Konfiantza eta lasaitasuna. Horiek izan dira jokalarien bi ezaugarri gaurkoan. Baloia oinetan erabili egin dute, ondo erabili ere. Arriskuak hartuz zenbaitetan. Aske aritu dira. Inolako zamarik gabe.
- Ondo ikusi du partida nolakoa izango zen Montanierrek. Jakinik Atleticoren indarra kontraerasoa dela, aukera hori erabiltzen ez dio utzi, eta Reala bera egon da kontraerasorako jarrita. Baloia eman dio etxeko taldeari, eta baldar ibili da Simeoneren taldea horretan. Realak lan ona egin du defentsako lanean, eta horregatik ere zaildu zaizkio lanak Atleticori baloiaren jabe izan denean.
- Zurutuza, Illarramendi eta Elustondo. Ederki egin dute bat baloia lagun zutela, eta erasoko jokoa ondo menderatu dute. Lehen biek mugimendu egokiak egin dituzte, asko eta onak, eta Elustondok ondo zaindu die bizkarra.
- Agirretxe. Bigarren zatiaren hasieran sartu ez duen golak kritika txarrak eragingo dizkio. Baina beste zerbaitean ere ez da ondo ibili: gehiegi jaitsi da baloiaren bila, Atleticoko erdiko atzelariekin geratu beharrean. Azkeneko erreferentzia izan behar zuen gehiagotan, zelai-erdikoei laguntzera hainbeste eta hainbestetan jaitsi beharrean.
- Nagusi izan denean Reala, azken metroetan falta izan zaio zerbait. Jotzeko gaitasuna. Atleticok badu hori, eta golean erakutsi du. Gauza gutxirekin aurreratu du Gabik bere taldea bigarren zatiaren hasieran.
- Azken metroetan asmatzearen barruan dago hegaletik ondo erdiratzea. Zenbat aldiz erdiratu du Carlos Martinezek? Askotan. Eta zenbat izan dira zuzenak? Oso-oso gutxi. Gutxiegi. Zubietan hobetzeko lana dauka hor.
- Vela. Gaur ere gola. Hamar minutu pasatxo jokatzea nahikoa izan du horretarako. 80.enean atera eta 91.enean sartu. Hamabigarrena du. Kostako zaio Realari datorren denboraldirako lotzea. Ona garestia da. Ala merkea?
- Azken hogei minutuak hamar jokalariren aurka jokatu ditu Realak, Gabi kalera bidali duelako epaileak. Atleticoren zelaian izan dira minutu horietako asko. Gosea erakutsi du taldeak. Lehiatzeko gogoa.
- Zazpigarren partida du jarraian Realak galdu gabe. Ondo. Horietatik irabazi gutxi irabazi ditu, baina ez galtzea beti da ona. Berriz ere heldutasuna aipatu behar. Eta sendotasuna. Makulu onak geroa eraikitzen segitzeko, oraina ahaztu gabe.