Nomadak etxean aurkitu du etxea
Roy Hodgson, Ingalaterrako selekzioko entrenatzaile berria, taldez talde eta selekzioz selekzio ibili da bere ibilbidean.
Duela sei urte, hau idazten ari zena Helsinkin zegoen, Finlandiako hiriburuan. Asteazken bat zen, eta hiritar asko leku berera joaten ikusi zituen. Ia denek zuten soinean lepokoa. Eta ez zen hotz egiten zuelako. Zuriak eta urdinak ziren lepoaren jiran ipinita zeuzkatenak. Finlandiako banderaren koloreak.
Denak zihoazen Olinpiar Estadiora. Futbola zegoen. Finlandia eta Ipar Irlanda aurrez aurre. Joan, ez joan egon zen hau idazten ari zena, baina azkenean, ez joatea erabaki zuen. Jakin-mina asetze aldera, Interneten begiratu zuen neurketa haren berri izateko: 2008ko Europako selekzioen Kopara sailkatzeko lehia zen. Gehiago jakin nahian, bi selekzioetako kideen berri izan zuen. Baziren jokalari ezagun batzuk Finlandian, Jari Litmanen eta, baina gutxi egia esatera. Ezagunena entrenatzailea egin zitzaion: Roy Hodgson (Croydon, Ingalaterra, 1947).

EFE
Burua lanean jarri, eta gogora etorri zitzaion zein taldetan ibili zen aurretik. Bi etorri zitzaizkion gogora, horrela bat-batean: Inter Milan eta Suitzako selekzioa.
Putzuzulo handi bateko bi tanta baino ez dira talde eta selekzio hori. Izan ere, makina bat lekutan ibilia da Hodgson entrenatzaile lanean. Futbolean badira bera bezala jardun duten asko. Nomadak. Leku batetik bestera, inon sustraitu gabe, inon egonkortu gabe. Beti maleta atearen ondoan.
1976an ekin zion bideari. Suediara joan zen, Halmstad taldera. Handik aurrera, jo batera, jo bestera, eta ia leku guztietan txapelketaren bat irabaziz. Hauxe du curriculuma:
- 1976-1980: Halmstad (Suedia)
- 1982: Bristol City (Ingalaterra) eta Oddevold (Suedia)
- 1983-1984: Orebro (Suedia)
- 1985-1989: Malmoe (Suedia)
- 1990-1992: Neuchatel (Suitza)
- 1992-1995: Suitzako selekzioa
- 1995-1997: Inter Milan (Italia)
- 1997-1998: Blackburn Rovers (Ingalaterra)
- 1999: Inter Milan (Italia)
- 1999-2000: Grasshopper (Suitza)
- 2000-2001: Kovenhavn (Danimarka)
- 2001: Udinese (Italia)
- 2002-2004: Arabiar Emirerri Batuetako selekzioa
- 2004-2005: Viking (Norvegia)
- 2006-2007: Finlandiako selekzioa
- 2007-2010: Fulham (Ingalaterra)
- 2010-2011: Liverpool (Ingalaterra)
- 2011-2012: West Bromwich Albion (Ingalaterra)
- 2012tik: Ingalaterrako selekzioa