Espainiako Liga: gaur jokatuko dute gure hiru taldeek

Egilea:

Data: 2012/05/02

Hauek dira hiru partidak: Atletico-Reala (18:00), Athletic-Real Madril (22:00), eta Valentzia-Osasuna (22:00).

  • Atletico-Reala

Jokatzeko partida erakargarria dute gaur Realekoek. Mailari eusteko helburua erabat lotuta, presiorik gabe aritzeko aukera izango dute. Gozatzeko ez da zelairik egokiena, giro zitala eta gaiztoa egoten delako Euskal Herriko taldeen aurka, baina aukera ona da lasai jokatzeko. Lasai bai, baina lasaiegi ez. Tentsioa behar da atera, eta zelai hartan, Realekoek badute zerekin motibatu.

Sailkapenari begira, Realak badu tartea gorago bukatzeko, eta hiru partida hauetan, horrek behar du izan helburua. Horra motibatzeko beste helduleku bat. Atletico Txapeldunen Ligarik gabe geratu da ia-ia, baina Europako Ligako lekua bermatu beharra dauka, eta Txapeldunen Ligako aukera txikiei eutsi.

  • Athletic-Real Madril

Lehia historikoa. Pena sailkapenean erabakigarria ez dela izango, Real Madrilek Liga ia lotuta duelako, eta Athletici asko zaildu zaiolako Txapeldunen Ligako aukera. Gainera, bi finalak ate joka ditu, eta hortxe dute burua denek. Hala ere, beti izaten da erakargarria neurketa hau, eta gaur ere hala izango da. Real Madrilek irabazten badu, Ligako txapelduna izango da, eta hori eragotzi nahi dute etxekoek. Real Madrilek ezin du Liga San Mamesen irabazi. Irabazi dezala bere etxean.

Bestalde, Athleticentzat egokia da gaur halako aurkariaren aurka aritzea. Ondo lehiatzera behartuko du, eta partida egokia izango da alde horretatik gaur zortziko finalerako.

  • Valentzia-Osasuna
Etxekoak Txapeldunen Liga helburutzat jarrita, eta Osasuna Europako Liga gogoan. Biak Europara begira ariko dira gaur. Valentzian ez da giro onik (inoiz egon al da?), eta datorren denboraldian daukate burua, entrenatzaile aldaketa dela eta. Osasuna saiatuko da egoera ezegonkor horretan puntuak batzen. Etxetik kanpo bi partida baino irabazi ez baditu ere sasoi honetan. Baina berdindu, bederatzi berdindu ditu. Talde zaila da kanpoan denean, eta gaur ere, zailtasunetan ipini beharko du Valentzia. Berea egiten badute gorritxoek, argi ibili.
Europan aritzeko azkeneko trena izan daiteke Valentziakoa.