Zoritxarra eta zoriona

Egilea:

Data: 2012/04/30

Manchesterreko bi taldeak lehiatuko dira gaur (21:00) Cityren zelaian, Premier League jokoan dutela. United da aurrena eta hiru puntura dauka City. Hiru partida falta dira amaitzeko.

Manchester. 500.000 biztanle inguru. Ezaugarri geografikoak, industrialak, demografikoak, bereizgarri historikoak… eta bi futbol talde: City eta United.

Gaur, futbolaren begi guztiak hirira begira egongo dira. 21:00etan dute hitzordua, Cityren zelaian, Cityk eta Unitedek. Egutegiak zehaztu du biek elkarren aurka aritzea, biak beren kasa ez direlako gai ezer hitzartzeko. Ezin dute elkar ikusi. Arerioak dira. Eta gaur, gaueko 11k aldera, ezinikusi hori agerian geratuko da. Izan ere, jokoan dutena ez da huskeria. Premier League irabazteko lehian daude biak. Bietako bat izango da txapeldun. Hiru partidaren faltan, United da aurrena, eta hiru puntura dauka City.

Hiri berean bi talde izatea eta ondo ezin konpontzea futbola bera bezain zaharra da. Eta historian zehar handiagoa izan dena bestea baino gazteagoa izatea ere ohikoa izan ohi da. Manchesterren ere hala da. City sortu zen aurrena, handik urte batzuetara United. 1880an City, 1910ean United.

Elkarren arteko lehiak kontaezinak dira. Ugari. Kiroletik kanpora ere hedatuak. Erlijioa ere tartean omen. Citykoak protestanteak ziren garai batean, Unitedekoak katolikoak, bere sorreran irlandarrek zerikusia izan zutela eta. Hala bereizten zituzten. Gaur egun, pentsatzekoa da denetarik egongo dela bietan.

Hiriaren egiturak ere izan du eraginik bien arteko bereizketan. City hiri barruan dago, izenak berak adierazten duen bezala. United, aldiz, hiritik kanpora joan zen. “Gu gara Manchesterrekoak”, esaten dute Citykoek.

Garaipenen uztari begiratuz, ikaragarri handia da bien arteko aldea. Zoriona irudikatzen du Unitedek; zoritxarra Cityk. Datu bat nahikoa da bien arteko aldea nabarmentzeko: Cityk bitan bakarrik irabazi du Ingalaterrako Liga. 1937an eta 1968an. Unitedek 19 bider. United Europan barrena ibili da, eta dabil, dotore eta elegante. City  Ingalaterran bertan luzitu ezinda ibili da, maila batean, bestean, gora eta behera. Aldeak alde, Cityko zaleak harro daude emaitza txarrekin.

Baina zorte txarra izatearen ospea daukate. Pentsa, Liga irabazi zuten urtean, 1968an, Unitedek aurrenekoz irabazi zuen Europako Kopa. Jakina, Europako balentriak bizilagunaren garaipena itzali zuen.

Bi taldeetako zaleen artean badira istorio bitxiak. Hau, esaterako: pub bateko nagusiarena, Sarah izeneko neska batena. Aitonarena zen taberna. Citykoa bera. Garai hartan, debekatu egin zien aitonak Unitedekoak zirenei tabernan sartzea. Sarah maitemindu zen bere garaian, baina Unitedekoa zen bere maitea. Ezkondu ere ezkondu ziren, baina Sarahren familian izan zen eztabaidarik, eta erabaki bitxi batzuk ere bai. Aita gogoz kontra joan zen ezkontzara; aitona, pubaren jabea, joan ere ez zen egin; eta amona joan zen, baina soineko marroia soinean, ia beltza izanik lutoa adierazteko. Gerora, Sarahk familia izan zuen, bi, eta biak Unitedeko zaleak; katolikoak, gainera. Sarahk esaten duen bezala, “hori ikusiko balute aitona-amonek, zerraldo eroriko ziren”. Citykoen zoritxarra da. /p>