Brasilgo kenyarra
Chelsean ari da. Brasildarra eta Ingalaterrako talde handi batean, izarra behar luke, ohiko jokalari brasildarra. Baina beste dohain batzuk ditu Ramiresek. Gaur, Bartzelonak gainditu beharko duen harresian zutabe handienetakoa izango da (20:45).
Galdetzen badizut esateko Brasilgo jokalari onenen izenak, botako dizkidazu hauetako asko, oraingoak eta historikoak: Pele, Socrates, Romario, Garrincha, Ronaldo, Roberto Carlos, Kaka…
Beste galdera bat egiten badizut, eta eskatzen zerrenda horretako jokalarien ezaugarriak emateko, hauek izango dira zure erantzunak: teknikoki ikusgarri onak, golegileak, jaurtitzaile apartak, abilak baloiarekin…
Jartzen badizut bideo bat,eta bertan azaltzen bada Ramires izeneko jokalari bat (eta zuk ez dakizu zein den, ezkutuan gordeko dudalako izena), ikusi ondoren egingo dizudan galdera oker erantzun baietz. Hauxe galdera, azkenekoa: “Nongoa da jokalari hori?”. Ezetz erantzun brasildarra dela.
Bada, brasildarra da, eta ez da Pele, Socrates, Romario, Garrincha, Ronaldo, Roberto Carlos edo Kaka. Ramires Santos do Nascimento du izena, eta Ramires da futbolean. Egungo jokalari onenetakoa bere herrialdean. Baina ez da golegilea, ez da ohiko ereduaren moldekoa brasildarren artean.
Hasteko, zelaiaren erdian jokatzen du, erdi-erdian edota hegalean; atzerago ere aritu izan da. Esango didazu halako lekuetan aritu izan zirela Dunga eta Mauro Silva, eta Brasilgo onenetakoak izan direla. Bai, arrazoia daukazu alde horretatik, baina Ramiresen ezaugarriak ez dira Dungarenak eta Mauro Silvarenak.
Ezberdina da. Oraintxe esango dizut zergatik.
1987an jaio zen, eta Royal Sport Cluben hasi zen futbolean. Joinvillek fitxatu zuen gero, eta handik Cruzeirora joan zen. Gero, Europara etorri zen, Benficara, eta 2010etik ari da Chelsean.
Cruzeiroko zaleek jarri zioten ezizenak argitzen du misterioa: Kenyarra deitzen zioten. Cruzeirok urdinez jokatzen duelako, kenyar urdina esaten zioten. Afrikako lasterkariak bezala egiten du korrika, haien antzeko estiloarekin. Zelaian, gora eta behera ibiltzen da, oraintxe erasoan azalduz, eta hurrengo jokaldian defentsan lagunduz. Baina beti korrika.
Orain ulertzen al duzu zergatik den ezohiko brasildarra Ramires? Gaur daukagu bera ikusteko aukera. Bartzelonaren jokoa geratzen zutabea izango da Chelsearentzat. Egingo ditu egin beharreko kilometroak eta askoz gehiago, Txapeldunen Ligako finalean aritzeko aukerak merezi du ahalegina. Joaneko 1-0 hari eutsi beharra daukate, nola edo hala.