Presa ez da abiadura
Osasunak berdindu egin du Malagaren aurka (1-1), irabazten joan eta gero.
- Erritmo bizia izan du partidak. Unean uneko emaitzak ez du baldintzatu bizitasuna.
- Osasuna erosoen joko zuzenarekin moldatu da: jo luze, eta goitik datorren baloiaren bila joan, presioa eginez. Eta Malaga horrela egon da deserosoen. Baina ez dio etekin handirik atera eredu horri etxeko taldeak.
- Hegalak gutxitan erabili ditu Osasunak, eta hor da ahula Malaga defentsako lanean, leku libre asko uzten duelako. Hegaletara jokoa zabalduz egin dio min etxeko taldeak. Ninoren gola adibide: erdiratu hegaletik, eta beste muturrean erremate ederra aurrelariak.
- Malaga baloiaren jabetzaren bidez egin da nagusi. Hori da hori kalitate teknikoa: a ze paseak eta a ze kontrolak. Eta jokalari denak maila bikainekoak horretan.
- Osasunak presioa egin behar izaten du, edonon, eta edonola ere jarriko nuke. Baina edonola egitea arrisku handiak hartzea da, aurkariari gauzak errazten zaizkiolako; are gehiago errazten zaizkio Malaga bezalako talde on bati.
- Raul Garcia ez da Lekic, eta Lekic ez da Raul Garcia.
- Cazorla aldiz Cazorla da. Hori da hori gola. Askotan saiatzen da horrelako jaurtiketak egiten, eta gaur asmatu du.
- Van Nistelrooy eta Rondon baino arriskutsuagoa izango zen Osasunako atzelarientzat aurrelari txiki eta biziren bat. Eskerrak.
- Joan-etorria bilakatu da partida une askotan, eta halakoetan, talde hobearentzat abantaila. Baina Malagak ez du baliatu aukera hori. Goian zerbait falta izan zaio, edo zerbait izan du soberan, goiko puntuan esan dudan bezala.
- Lamah ondo aritu da jokatu dituen minutuetan. Zelaia zabaldu du, eta sakontasuna eman dio erasoari.
- Zenbat kilometro egin ote dituzte Puñalek eta Nekunamek, alde batera eta bestera, gora eta behera, Malagaren erasoari aurre egiten saiatzeko?
- Puntua ateratzea batzea da, eta Europako ametsak hortxe segitzen du.