Trenak ez dira trenbidetik atera
Bayern Munichek irabazi egin dio Real Madrili (2-1), Txapeldunen Ligako finalerdien joanekoan.
- Bi taldeen baliabide indartsuena kontraerasoa da, eta biak saiatu diren arren aukera hori besteari kentzen, kontraerasoan ateratzeko aukera onak izan dituzte biek. Baina gauzatu, oso gutxi.
- Kontraerasoak saihesteko, presionatu egin dute bi taldeek baloia galdu eta berehala, eta lerroak atzeratu ere bai presioan ez zeudenek. Presioan, Bayern ez da ondo moldatu lehen zatian, eta Real Madrilek arrisku itzela sortzeko aukerak izan ditu.
- Kontraerasoa baliatzeko garaian, bizi eta azkar jokatzea komeni da, baina Bayern horretan ere Real Madril baino makalago ibili da.
- Bi taldeek erakutsi dute ez direla ondo moldatzen baloia atzetik atera behar dutenean, joko ez zuzena erabiliz. Gainera, arrisku handiak ez hartzeagatik ere aukera errazenen aldeko hautua egin dute jokalariek egoera horietan.
- Partidak puskatu itxura izan du batzuetan, eta ematen zuen joan-etorria bilakatuko zela neurketa, baina ez da hala izan. Une zehatz batzuetan bakarrik gertatu da hori.
- Geldikako jokaldietan, gehitxo sufritzen du Real Madrilek, eta Bayernek horrela sartu dio lehen gola.
- Real Madrilen gola kontraerasoan heldu da. Nola bestela… Baina gola Ozilek sartu baino lehen sartzeko aukera garbia huts egin du Cristianok.
- Nolako partida jokatu du Portugalgo izarrak? Zenbait gauza ondo egin ditu, atzeko lanean ere besteetan baino gehiago lagundu behar izan du (Lahmen igoerak beldurgarriak izaten dira), baina erabakigarria ez da izan beste behin ere partida handi batean.
- Real Madrileko gaurko lau atzelariek eta bi euskarriek aurrekoen soldataren erdia kobratu beharko lukete. Zenbat lan egin behar izan duten (gaur ere). Eta hainbeste egitearen ondorioz, ez da harritzekoa batean huts egitea edo berandu iristea (Arbeloa Bayernen bigarren golean, Mario Gomezek aurrea hartu dionean).
- Bayerneko jokalariak oso onak dira teknikoki, baina gaur, Schwensteiger bera ere eskas ibili da horretan. Erakutsi dutena baino hobeak dira.
- Boateng eta Badstuber azkarrak dira (batez ere, Boateng), eta Heynckesek asmatu egin du biak jartzean erdiko atzelari lanetan. Hainbat egoera zital moztu dute.
- Kanporaketa ez dago erabakita. Itzulikoan izan daiteke gaur baino joan-etorri handiagoa (emaitzak zehaztuko du hori), eta orduan bai, orduan bi trenetako bat trenbidetik aterako da. Gaur, biek segitzen dute trenbidean.
http://www.youtube.com/watch?v=JdQFFeCV7tE