Helburu txikiak lortuz lotzen da helburu handia
Realak Betisen aurka jokatuko du gaur Anoetan (20:00), Espainiako Ligako 33. jardunaldian.
Edozein talderentzat da helburu handia partida irabaztea. Horretarako, 90 minutu eta pikoan, hainbat gauza egin behar da ondo. Helburu txikiak dira. Itxuraz, garrantzirik ez dute izaten, baina partida bukatu eta gero aztertzen hasterakoan, funtsezkoak izan direla ohartzen gara.
Gaur, Realak Betisi irabaz nahi badio (helburu handia), beste helburu txiki batzuk egin bete beharko ditu aurretik. Joan zen larunbateko partidari erreparatuko diogu, azkenekoa izan zelako, eta hura oinarrian hartuz, helburu txiki horietako batzuk aipatuko ditugu:
- Txakur zaharren pare aritu behar dute jokalariek, eta ez larunbatean bezain gozo eta inozo. Markagailuan aurretik badira, ezin dute lehengoan bezain sano jokatu. Partida geratu egin behar da, falta gehiago egin, aurkariari gehiago estutu…
- Baloia Betisek duenean, Realak lapurtzera joan behar du, eta ez aurkariaren hutsaren zain egotera. Ez da nahikoa lerroak atzeratu eta zain geratzea. Oldarkorrak izan behar dute baloia lapurtzeko, gero kontraerasoa baliatzeko.
- Erasoan, baliabide teknikoak eta taktikoak hobeto baliatu behar ditu, aukerak alferrik ez galtzeko. Adibidez: baloia hegal batetik bestera eraman nahi badute jokalariek, ezinbestekoa izango da baloia astindu behar duenak pase neurtua ematea; bestela, aurkariari oparituko dio baloia.
- Erasoarekin segituz, jokaldiak amaitu egin behar ditu. Ezin da sei-zazpi jokalarireki gora igo, eta baloia galtzea, atzean egundoko zuloak egoten direlako.
- Golak sartzeko aukerak asmatzeko daude. Teorian, asko izango dira batean eta bestean, eta gehien asmatzen duena izango da garailea. Ez du ematen aukera bat sortu eta hura sartzea nahikoa izango denik.
Claudio Bravo ariko den edo ez ikusteko dago oraindik, Lehiaketa Batzordearen epaiaren zain baitago taldea. Mikel Gonzalez osatu da, bestalde, eta hasieratik ariko da.
Denen beharra izango du Realak berrogei puntura heltzeko. Ia-ia, salbazioa bermatzen duen kopurua.
Lehen itzulian, Realak irabazi zion Betisi, Iñigo Martinezen gol ikusgarria medio. Hemen gola: