Handien itzalean ere bizi daiteke
Realaren eta Osasunaren gaurko aurkariak Bartzelonako eta Madrileko taldeak dira, baina ez dira hiriko klub nagusiak. Espanyol eta Rayo, hala ere, historikoak dira, eta ondo irauten dute handien gerizpean.
Azkeneko denboraldietan nabarmendu egin da Espainiako Ligan bi talderen eta gainerako besteen arteko aldea. Bipolaritatea ere aipatzen da Bartzelonaren eta Real Madrilen nagusitasuna bereizteko. Hedabideetan eta ematen du bi talde horiek baino ez daudela Liga osoan. Gainerakoei buruz, ezer gutxi.
Bada, atera kontuak, bi hiri handietako beste taldeei nolako trataera ematen zaien. Horiek itzalaren itzalean bizi dira. Bartzelonan Espanyol ere badago, eta Madrilen Atletico eta Rayo ere bai.
Gaur, Realak Espanyolen zelaian jokatuko du, eta Osasunak Rayorenean. Ezagutu ditzagun bi taldeak, gainetik bada ere.
Espanyol
Oso klub zaharra da. 111 urte dauzka, eta urriaren 28an 112 beteko ditu. Bere mugetatik kanpo, izenak eman izan du atentzioa gehienetan. Bartzelona, Katalunia… eta Espanyol? Hemen azalpena: jatorrizko izena Sociedad Española de Football zuen, eta unibertsitateko ikasleek sortu zuten, Bartzelonako Unibertsitatekoek hain justu. Kide guztiak katalunarriak eta espainiarrak ziren, beste klubetan ez bezala, besteetan atzerritar asko baitzeuden; ingelesak, gehienean. Horregatik eman zioten eman zioten izena.
Beti zuri-urdin jantzita ezagutu baditugu ere, jatorrizko kolorea horia izan zuen. Nonbait, aurreneko bazkideetako bat kolore horretako oihal asko zuen, eta oparitu egin zion klubari. Baina berehala hasi ziren egungo koloreak erabiltzen. 1909rako, hain zuzen, Roger de Lluria almiranteak blasoian zuria eta urdina zituelako.
Zelai historikoa Sarria izan zuen. 1923tik 1997ra arte han jokatzen aritu zen taldea. Orduna, klubak saldu egin zuen, eta 2009ra arte Lluis Companys olinpiar estadioan jokatu zuen. 2009tik zelai berria dauka, Cornella-El Prat.
Garaipenen zerrendan, Espainiako Kopa lau alditan dauka irabazia: 1929, 1940, 2000 eta 2006an. UEFA Kopako finalera bitan iritsi da. 1988an eta 1997an; bietan galtzaile izan zen.
Rayo Vallecano
1924an sortua da. Maiatzaren 24an. Elastikoari dagokionez, bereizgarria du marra gurutzatu gorria, baina hasieran, ez zeukan halakorik. Zuriz jokatzen zuen, galtzak eta elastiko, eta beltzak zeuzkan galtzerdiak. Baina 1949ean, lankidetza tratua egin zuen Atletico Madrilekin, eta horregatik jarri ziote marra gorria elastiko zuriari. Gaurdaino segitzen dute horrela.
Vallecas zelai zaharrean, 1952an hasi ziren hainbat partida jokatzen, baina inauguratu 1956an inauguratu zuten. Bitxikeriatzat har daiteke ondorengoa 1964-1965 denboraldian, taldea Bigarren Mailan zenean, Real Madrileko presidente Santiago Bernabeu izendatu zuten klubeko ohorezko bazkide.
Vallecas berrituan 1975ean hasi ziren jokatzen. Eta 1977an lortu zuen aurrenekoz Lehen Mailara igotzea. Bi urte geroago, 10.000 bazkide izatera heldu zen. Harrezkero, gora eta behera ibili da. 1999an, Lehen Mailan zela, lidergoan ere egon zen, historian aurrenekoz. 2000-2001ean, Europan jokatu zuen aurrenekoz, eta Alavesek kanporatu zuen final-laurdenetan; sasoi hartan jokatu zuen arabarrek finala, Liverpoolen aurka. 2009tik dago Lehen Mailan.
Gaurko partidak
Biak hasiko dira ordu berean (18:00). Espanyol lehian dabil Europan jokatzeko datorren denboraldian, eta Osasunak bi puntu ateratzen dizkio. Rayok, aldiz, Realak baino puntu bat gehiago dauka. Gure bi taldeek elkarri laguntzeko aukera daukate gaur. Realak Espanyol menderatzea ona da Osasunarentzat, eta Osasunak Rayo garaitzea, ona Realarentzat.
Osasuna Europan jokatzeko lekuan dago orain, eta horixe du helburu. Reala ez jaisteko borrokan ari da, eta gaur irabazita, urratsa handia egin lezake asmoa gauzatzeko.