Ni lehendabizi, eta gero ere ni

Egilea:

Data: 2012/03/28

Aspaldiko ezagunen aurka jokatuko du gaur Zlatan Ibrahimovicek. Bartzelonako taldekide ohien kontra. Txapeldunen Ligan, final-laurdenetako joanekoan, partida handia gaur: Milan-Bartzelona (20:45).

Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Esaera zaharra futbolari gazte bati jarria.

Ia bi metro luze. Gorpuzkera handikoa. Teknikaren aldetik, abila: buruz burukoan, jaurtiketak egiten… Aurrelaria eta golegilea, gainera. Harribitxia. Mauka. Horra urrutiko intxaur preziatua eta desiratua. Joan zitzaizkion bila Europako talde handienetako asko: Ajax lehendabizi, Juventus gero, Inter Milan atzetik, eta Bartzelona.

Pep Guardiola maitemindu egin zen Zlatan Ibrahimovicekin (Malmoe Suedia, 1981). Aita bosniarra eta ama kroaziarra dituen aurrelariarekin. Kostatzen zena kostatzen zela, taldean nahi zuen. 2009ko uda zen, eta dirutza ordainduz, lortu zuen nahi zuena entrenatzaileak. Etoo bera ere Interrera joan zen, Ibrahimovicen trukean. Denera, 71 milioi euroko fitxaketa.

Urrutiko intxaurra eskuan zeukan Guardiolak. Baina laster bota zuen harrika. Bertatik bertara ikusi zuenean, lau zela konturatu zen.

Zelaian, gutxi asko, eman zuen berea. 45 partidetan 22 gol. Baina zelaitik kanpo… Hor hasi ziren gauzak okertzen. Kontu ilunak zabaldu ziren lehendabizi, ezer garbirik ez. Baina zerbait txarra bazegoen.

Gerora jakin da zer zen: Ibrahimovicek taldearen gainetik jartzen du bere burua. Ni lehendabizi, eta gero ere ni. Guardiolak ez zion halakorik onartu. Messiren distirak begietako mina egiten zion suediar handiari, eta Bartzelonan jai zeukala pentsatu zuen.

Eta beti nahi duena lortzen duen horietakoa ematen duenez, alde egiteko asmoa gauzatu zuen. Milan zuen berriz ere gelditzeko lekua. Baina ez Inter lehen bezala. Milan oraingoan. Hantxe ari da 2010etik, eta han ere dotore dabil bere lanean: golak sartzen.

Ba al dakizu zenbat sartu dituen bere ibilbide osoan? 228. 478 partida jokatuta.

Gaur taldekide ohien aurka ariko da, Milanen, Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joanekoan (20:45). Talde osoa ni baten aurka.