Gezirik gabeko indioa
Osasunak ez dio golik sartu Getaferi, ezta Getafek Osasunari ere Sadar zaharrean (0-0).
Bukatu da gaurko filma. Txapeldunen Liga ez da protagonista izan, eta Osasunak ez du “indioarena egin”, Mendilibarren kezka uxatuz. Indioen lurraldera etorri den Getafek ere ez du etekin handirik atera. Baina minik ere ez du jaso, indioa gezirik gabe aritu delako. Golik ez, azkenean.
Puntu bana bakoitzarentzat, eta biak gustura antzean. Osasunak 40 puntu dauzka, eta bat gertuago dauka ez jaistea. Getafek 36 ditu, eta pozik hauek ere.
Berdinketa den bakoitzean, bietakoren batek besteak baino merezimendu gehiago egin dituela esateko joera dago. Zeinek egin du gehiago Sadar zaharrean? Mendilibarrek esana: “Golak sartzeko aukera garbienak guk sortu ditugu”. Baina gezirik ez indioak. Hutsa hutsari kateatuz, ezin Getafe zulatu.
Aukerak? Batzuk bai. Ninok pare bat. Argiena Raul Garciak, amaiera aldera. Baina Moya atezaina jarri zaio parean. Getafe ere azaldu da Andresen arean, eta arriskutsu noizean behin. “Beraiek puntua ez galtzera etorri dira gehiago, eta kontraerasoan arriskua sortu nahi izan digute. Horregatik, guk arrisku gutxiago hartu dugu, irabaztera joan garen arren”. Mendilibarrek esana.
Lekicek 25 minutu jokatu ditu, eta Nekunamek pilatu du zigorra jasotzeko txartel kopurua; jai izango du asteburuan.