Aldapa hasi aurretik, jan-edana egitea komeni
Realak Levanteren aurka jokatuko du bihar (20:00), Espainiako Ligako 29. jardunaldian, eta irabaztera behartuta dago, etxetik kanpo kamuts segitzen duelako.
Anoetaren babesari neurria hartu dio Realak azken lau jardunaldietan, denak irabazita, eta gaur ere komeniko zaio bide berean segitzea. Etxetik kanpo eskas ari delako. Etxeko lanari esker dago jaitsieratik 9 puntura.
Baina kanpoan puntuak batzen ez dituen artean, etxeko partidetan irabazteko premia handitu egiten da. Bihar ere hala izango da (Levanteren aurka, 20:00).
Gainera, hurrengo bost partidei orain begiratuta, eta aldez aurretik zer gertatuko den asmatzea ezinezkoa bada ere, gaizto itxurakoak dira: Real Madril, Rayo, Espanyol, Betis eta Malaga. Aldapa handiaren traza dauka segida horrek, eta txirrindularitzan bezala, aldapa igotzen hasi aurretik, komeni da jan-edana egitea.
Levante ere aurkari zitala da. Ligako laugarren onena oraingoz. Defentsako lanean ona da, eta horri esker, kontraerasoa bikain baliatzen du. Baina gabeziak ere baditu; besteak beste, talde beteranoa izatearen alderdi txarra. Realak erritmo bizia jarri behar dio lehiari, baina zehaztasuna galdu gabe. Ez da erraza biak uztartzea, baina lortu beharko du. Izan ere, zehaztasunik gabe bizi jokatzen hasten bada, Levantek kontraerasoa gauzatzeko aukera onak edukiko ditu.
Montanierrek eman du deialdia, eta berrikuntzak hauek dira: Llorente, Toño, Mikel Gonzalez eta Pardo. Kanpoan geratu dira larunbatetik Ansotegi, Eñaut, Griezmann (txartelak pilatuta ditu), eta Markel (minez).
Lehen itzulian, Levantek irabazi egin zion Realari (3-2). Bideo honetan, golak:
http://www.youtube.com/watch?v=80RHa8eTkZw