Indioarena egiten segitzera
Osasunak Getafe izango du aurkari bihar Sadar zaharrean (20:00), Espainiako Ligako 29. jardunaldian. Lekic deialdian da, uste baino azkarrago osatu baita.
“Txapeldunen Ligan sartzeko aukerei buruz hitz egiten dugunean, indioarena egiten dugu”, esan du gaur Jose Luis Mendilibarrek. Galdu egiten dutela, alegia. Hori esan du Osasunako entrenatzaileak biharko partidaren atarian; Getafe dator Sadar zaharrera, Espainiako Ligako 29. jardunaldian (20:00).
Mendilibarrek zer esan nahi izan duen argi ulertu zaio. Indioarena egitea egin behar ez den zerbait bezala ulertzen du berak. Baina kontrakoa ere badu. Indioak izan ziren boteretsuen aurka beren lurraldea eta ohiturak defendatu zituztenak. Osasuna ere indioa da, alde horretatik. Sailkapenaren goialdean dago, bera baino boteretsuagoak direnak inguruan dituela. Eta ederki ari da berea defendatzen denboraldi honetan. Horregatik, segitu dezala bihar ere indioarena egiten.
Indioen taldeko bat, Dejan Lekic, deialdian sartu du entrenatzaileak. Ezustean. Besoa hautsi zuen duela hiru aste, eta denboraldiari agur esan beharko ziola iragarri zuten medikuek: 10 astez jokatu ezinda. Baina taldekideei, tribukoei laguntzen segitu nahi du, eta 18ko zerrendan da. Larunbatekoarekin alderatuta, bi aldaketa daude: Miguel Flaño eta Lekic barrura, eta Etxaide eta Sergio kanpora. Azken horri atseden eman nahi dio Mendilibarrek.
Getafe 19 jokalarirekin dator, eta bat baztertu beharko du Luis Garcia entrenatzaileak.
Liga oso berdindua dago, talde asko tarte txikian baitaude. Horren adibide, Osasunak Getaferi ateratzen dion 4 puntuko aldea. 39 batek, 35 besteak.
Indioek beste borroka bat izango dute bihar. Sadar zaharrak lurralde menderaziena izaten segitzea dute helburu.
Lehen itzulian, berdindu egin zuten (2-2). Bideo honetan, golak:
http://www.youtube.com/watch?v=NgPY-eVH0lU