Egin beharrekoa, baina oso ondo eginda

Egilea:

Data: 2012/03/10

Realak aise menderatu du Zaragoza azken sailkatua Anoetan (3-0). Lehen zatian sartu ditu gol guztiak.

Realak Zaragozari irabaztea normaltzat hartu behar da. Partida jokatu aurretik, oso gutxi izango ziren kanpotarren alde dirua jokatuko zutenak. Aldez aurreko ziurtasun horretan, Zaragozaren eskastasuna nabarmendu da. Gutxi, ordea, Realaren ezaugarri onak.

Azkenean, etxekoen gauza onek erraz menderatu dute Ligako azkena. Irabazi egin dio Realak. Ez du Zaragozak galdu. Eta hori oso garrantzitsua da. Etxeko jokalariekin irabazi dio. Etxeko aurrelariak bi gol sartuta (Agirretxek). Taldeari nortasuna ematen ari zaion estiloarekin irabazi dio, baloiaren jabetzan oinarrituta. Horregatik guztiagatik irabazi du Realak.

Funtsezkoa zen irabaztea, baina helburura heltzeko bideak ere asko balio du. Ondo irabazi dio Zaragozari, egin behar zuena bide sendotik eginez. Taldearen azpiko oinarriak eta zutabeak ez dira ari huts egiten. Sendoak dira. Sendoagoak izango direneko ustea dago, gainera.

Lehen zatia amaitzerako zehaztuta zeukan Realak emaitza. Etxeko aurrelariaren bi golei Velarena gehitu zaie. Irabaztea beti da ederra, eta halako nagusitasunez egiten bada, are ederragoa. Gehiago betetzen du.

Gaurko emaitzarekin, eta behin-behineko sailkapenean, bederatzi puntura dauka jaisteko arriskua Realak. Ziurtasunez ari da bidea egiten.

Bideo honetan, Agirretxeren bigarren gola, Realaren hirugarrena:

http://www.youtube.com/watch?v=JhdEqWxP6r4