Bielsaren zintzotasuna

Egilea:

Data: 2012/02/20

Athleticek Malagari irabazi eta gero (3-0), entrenatzaileak onartu zuen goletako jokaldiak ez direla entrenamenduetan landutakoak.

Athleticeko entrenatzaileari gustatzen zaion jokatzeko eredua gustatuko zaizu edo ez, baina benetan gustagarria da Bielsaren zintzotasuna. Prentsaren aurreko agerraldietan zintzoa da (atzo bezala), eta bere taldeen jokoa ere zintzoa da: berezkoa, sanoa, eta ideal batzuei sendo lotua.

Zintzotasun horren bi alderdiak atzo azaldu ziren San Mamesen. Zelaian eta prentsa aretoan. Soro piloan beti bezala jokatu zuen Athletic. Malagaren atea helburu, eta baloia pase motzen bidez mugituz. Espazioak edo zuloak sortu, horiek bete, eta paseen bidez mugimendu horiek denak baliatu, beti ere orekari eutsiz. Zehatzago edo okerrago atera, horrela jokatzen du beti. Eta defentsako lanean presio itogarria egin zuen, beti bezala. Horra estilo jakin bati loturiko zintzotasuna.

Beste alderdia gero etorri zen, partida amaitu eta gero. Bielsak zintzo onartu zuen hiru goletako jokaldiak ez direla entrenamenduetan lantzen dituztenak, eta Toquerok ez duela kornerrik atera zortzi hilabetean. Zintzo askoa izan zen entrenatzailea. Egia garbi esateagatik, eta bera gauza guztiak entrenatzearen aldekoa izanik, futbolean kasualitateak ere gertatzen direla onartzeagatik.

Horra atzoko partidaren ondorietako bat. Bestea, zenbakiena eta sailkapenarena, hauxe: Athleticek jauzia egin du gorantz, eta 5. jarri da. Gainera, Espanyol laugarrenarekin parrean dago, 33na puntuz.

Partidako zenbakiei eta datuei erreparatuz, hemen duzue fitxa. Golegileak Amorebieta, San Jose eta Toquero izan ziren.

Bielsaren adierazpen batzuk

  • “Partida osorik aztertuta, emaitza justua izan dela uste dut”.
  • “Lehen zatian, Malaga eroso aritu da erasoan, eta golak sartzeko aukera asko huts egin ditu”.
  • “Bigarren zatian, oso ondo defendatu dugu, eta ez digute aukerarik egon. Eta erasoan, lehen zatian bezain ondo edo hobeto aritu gara”.
  • “Amorebietari eta Llorenteri atseden ematea erabaki dut hasieran, Moskuko jiraren ondorioz nekatuenak zirelako. Gero, Amorebietak Rondon geratu du, espezialista delako Rondonena bezalako jokoa geratzeko. Eta Llorentek beti du presentzia erasoan, eta gaur ere bai”.
Pellegriniren adierazpena
  • “Lehen zatian 13 aldiz iritsi gara Athleticen areara, eta 6 aukera sortu ditugu. Nahikoa behar zuen partida irabazteko”.
Bideo honetan dituzue atzoko golak: