Historikoak

Gerd Müller

Nordlingen (Alemania), 1945

Posizioa: Aurrelaria

Zergatik da historikoa?

Tankeek ez dute bizarrik eta bigoterik izaten. Balek ere ez. Torpedo batek bai, ordea. Bonbardero batek ere bai. Alemaniako armadak, futbolari jantziz ornituak, izan zituen bietatik. Bat bitan: torpedoa eta bonbarderoa. Bigote eta bizar. Etsai guztien izu eragile, sare ororen txikitzaile.

Estatistikak gerrako garaileek idazten dituzte, ez dira fidagarriak, baina hau oso balekoa da, zehatza: 1.216 aldiz jaurti zuen, eta 1.461 bider asmatu bete-betean*. Ez zituen hildakoak eragiten… ez, ez… urteen joanean ohore ere bilakatu da Alemaniako torpedo bonbardero honek zulatua izatea. Ez zituen hiltzen etsaiak, baloikada bat oparitzen zien. Baloikada historikoak. Buruarekin eta oinarekin jaurtitakoak. Arma denak ez baitira hiltzaileak. Golaren armak poza eragiten du, biziarazi.

1.461 aldiz poztu zuen jendea Gerd Müllerrek. Alemaniako ‘Torpedoak eta ‘Bonbarderoak’. Golen tiroekin, golen misilekin. Ehundu zituen dotore asko zientoka sare, eta ehundu ehuna futbolari profesional izan aurretik, horixe baitzuen lanbide. Bayern Munichek fitxatu zuen gero, Bundesligara heldu gabe zegoenean kluba. Hirukote beldurgarria osatzen zuten Sepp Maier atezainak, Franz Beckhenbauer atzelariak eta Gerd Müller aurrelariak. Beste guztiaren oinarria. Geroko garaipen eta loria guztien zutabe.

1964tik 1979ra zenbat bataila Munichekoen aldean borrokan… eta zenbat garaipen eta trofeo. 4 Bundesliga, beste 4 Kopa, 3 Europako Kopa, Errekopa bat eta Kontinente arteko Kopa bat.

Selekzioarekin ere irabaz daitekeen guztiaren jabe egin zen: Munduko Kopa (1974, etxeko txapelketan) eta Eurokopa (1972) bana. Bi finaletan golegile izan zen, gainera. Ezin zuen bestela izan.

1979tik 1981era AEBetan aritu zen, Fort Lauderdale Strikers taldean, eta han ere makina bat tiro eta misil jaurti zuen ‘Torpedoak’ eta ‘Bonbarderoak’.

Marka handien jabe da oraindik ere. Messik kendu dio bat: urtebetean, 85 gol sartu zituen Müllerrek, 86 argentinarrak. Munduko Kopa batean gol gehien berak sartu du, 1970ekoan 10 egin baitzituen. “Munduko jokalari onenak kendu dit marka”, esan berri du.

Atzelarien eta atezainen izu eragile honek bereak eta bi egin zituen aurkarien atetik gertu. Ez zuen itxura ona fisikoan, metroa eta 76 baitzen luze, 68 kilorako. Txiki samarra, hanka sendokoa. Baina area barruko gerretan, sekulako abilezia zuen. Oraintxe satorra, zulo txikienetatik ere azaltzeko gai; hurrengoan, espia, atzelaria nolabait limurtuz golaren poza bereganatzeko; geroko batean, tanke indartsuenen presentziadun, boteretsu eta indartsu. Horiek denak eta baliabide gehiago ederki menderatzen zituen bibotedun eta bizardun torpedoak eta bonbarderoak. Museoko pieza da. Futbolaren historiakoan aparteko lekua izango duena.

*Lagunarteko eta partida ofizialetan jokatutako partidak eta sartutako golak, Rec. Sport Soccer Statistics Foundation-en arabera. 

Irudi historikoen jatorria: GureGipuzkoa.net  //  Eskubideak: Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Espainia